Gizartea
Koronabirusa
Neurri zorrotzagoak ezarri eta isunak areagotuko dituzte Nafarroan
EITB.EUS
Sei pertsona baino gehiago biltzea debekatuko dute, peñak eta gastronomia elkarteak itxiko dituzte eta eguerdiko 12:00etatik aurrera mahaietan soilik kontsumitu ahal izango da.
COVID-19aren kutsadura “kurba apaltzeko” neurri eta murrizketa berriak martxan jarri ditu Nafarroak; besteak beste, tabernetan zein toki publikoetan sei pertsona baino gehiago biltzea debekatuko dute, peñak eta gastronomia elkarteak itxiko dituzte, eta maskara ez erabiltzeagatik eta kale edana egiteagatik isunak areagotuko dituzte.
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak eta Santos Indurain Osasun kontseilariak prentsaurrekoan azpimarratu dutenez, “egoera aldatu behar da” eta “kurba apaldu, bai ala bai”.
“Ez da alarmarako garaia, alarma nahikoa izan da eta dago; erantzukizunaren eta elkartasunaren ordua da, beharrezkoa dena egiteko garaia. Horrela jarraituz gero, etorkizunera baino iraganera goaz”, ohartarazi du Indurainek.
Horregatik, “kurba apaltzera" bideratutako neurri berrien foru araua onartu du Osasun kontseilariak, eta larunbat honetan sartu da indarrean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren. Neurriek 15 eguneko iraupena izango dute, eta, ondoren, egoera berriz aztertuko dute, neurri berdinekin jarraitu ala ez, edo beste batzuk hartzea erabakitzeko.
Konkretuki, ostalaritzan, mahaietan soilik kontsumitu ahal izango da eguerdiko 12:00etatik aurrera, eta terraza zein lokal barruan gehienez sei pertsona egon ahal izango dira.
Gainera, ezkontza eta ospakizun sozial, erlijioso eta zibilen aforoa % 50era murriztu dute, toki ireki zein itxietan, metro karratuko 2,25 pertsona daudenean. Oturuntzetan ezingo dira 50 pertsona baino gehiago bildu toki itxietan, eta, irekietan, gehienez 75.
Era berean, peñak eta gastronomia elkarteak itxiko dituzte, 500 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan izan ezik.
Bestalde, toki publikoetan 6 pertsona baino gehiagoko taldeak debekaturik egongo dira, eta esparru pribatu, sozial eta familiarrean ere kopuru hori ez gainditzeko gomendioa eman dute. Gainera, kale edana saihesteko, saltoki guztietan alkohola saltzea debekatuko dute, ostalaritzan izan ezik.
Zigorrak areagotuko dituzte
Datorren asteazkeneko saioan lege dekretu bat onartuko du Nafarroako Gobernuak, isun guztiak jaso, eta, hala, “neurriak betetzen direla bermatzeko”.
Horrela, maskara ez erabiltzeagatik 300 euroko isuna ezarriko dute —orain arte 100 euro ziren— eta kale edana egiteagatik 600 eurokoa.