Gizartea
KORONABIRUSA
Espainiak abenduan jaso ditzake COVID-19aren kontrako txertoaren 3 milioi dosi
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europak 30 milioi dosi jasoko lituzke. Horietatik % 10, hiru milioi inguru, Espainiara joango lirateke, eta, ondoren, txertoaren hornidura erregularra egingo litzateke.
-
COVID-19aren kontrako txertoa. Irudia: EFE
Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak astelehen honetan aurreratu duenez, abenduan Espainiak Oxfordeko Unibertsitateko COVID-19aren aurkako txertoaren 3 milioi dosi jaso ditzake, betiere analisi kliniko guztiak gainditzen baditu.
El Españolek antolatutako "Koronabirusaren aurkako borrokaren mugak" sinposioan eman du horren berri, eta, bertan azaldu duenez, Europak "gutxienez zazpi eta gehienez bederatzi" txerto erosiko ditu EBko herrialdeen estrategia bateratu batean, eta aldi berean eta lurralde bakoitzeko biztanle kopuruaren arabera emango zaizkie herrialdeei.
Oraingoz, Osasun ministroak zehaztu duenez, AstraZeneca konpainiarekin sinatutako kontratu bakarra dago, Oxfordeko Unibertsitateko txertoa garatzen ari dena, eta "analisi klinikoek behar diren bermeak gainditzen badituzte", abendutik aurrera dosiak emateko moduan egongo lirateke.
Horrela, Europak txertoaren 30 milioi dosi jasoko lituzke, eta horietatik % 10, hiru milioi inguru, Espainiara joango lirateke. Ondoren, txertoaren hornidura erregularra egingo litzateke.
Txertaketa irizpideei dagokienez, Illaren iritziz, txertoa jasotzen duten lehen pertsonak arrisku handienak dituztenak eta talde ahulenekin harremanetan dauden kolektiboak izan beharko lirateke.
Hala ere, txertaketa estrategiak Europako Batasuneko gainerako herrialdeekin lerrokatzeko ahalegina egiteko apustua egin du, eta gaineratu du aste honetan lantalde bat jarriko dela martxan autonomia erkidegoekin osasun publikoko ekintza koordinatua hartzeko.