Itxi

Gizartea

Ikastolen Elkartea

Koldo Tellitu: "Laguntzen zain gaude oraindik"

Radio Euskadi

Ikastolen Elkarteko presidentea pozik agertu da aurrez aurreko eskolak hasi direlako, baina argi dauka "baliabide gehiago" behar dituztela.

  • Koldo Tellitu: "Laguntzen zain gaude oraindik"

    Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko presidentea

Irailaren 7an hasi zuten ikasturtea 14 urtetik beherako Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleek. Nafarroan ere gaur dute aurrez aurreko eskolen hirugarren eguna, koronabirusaren pandemiagatik izandako "etenaldiaren" ostean. Izan ere, nafar gehienak ostiralean itzuli ziren ikastetxeetara.

Horrekin lotuta, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan adierazi du "pozik" dagoela aurrez aurreko klaseei berrekin dietelako: "Ikasleekin egotea nahitaezkoa zen", esan du.

Hain zuzen ere, "Ganbara" saioan egin ditu adierazpenok, eta azpimarratu du "egunetik egunera sortzen diren gabeziei" eta "horiei aurre egiteko irtenbideei" so egon beharko dutela orain. "Horretarako baliabide gehiago beharko ditugu", nabarmendu du.

Tellituk planteamendu berri bat aldarrikatu du itunpeko ikastetxeetarako: "Gaur-gaurkoz, hezkuntza publikoan Jaurlaritzak egindako planteamendua baino ez dugu ezagutzen. Alabaina, itunpeko ikastetxeei buruz soilik dakigu laguntzak egongo direla, baina ez dakigu noiz eta nola iritsiko diren, ezta zenbatekoak izango diren ere".