Itxi

Gizartea

Koronabirusa

EHUk ikasturte berriari ekin dio, segurtasun neurri zorrotzak hartuta

EiTB.EUS

Gutxienez klaseen % 75 aurrez aurrekoak izatea jarri dute helburutzat, eta ikasleek 1,5 metroko segurtasun tartea gorde beharko dute.

  • EHUk ikasturte berriari ekin dio, segurtasun neurri zorrotzak hartuta

    Leioako campusa

Abian da dagoeneko 2020-2021 ikasturtea Euskal Autonomia Erkidegoan, eta unibertsitateko ikasleak ere klasera itzuli dira jada. Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) astelehen honetan ireki dizkio ateak ikasturte berriari, segurtasun neurri zorrotzak hartuta, COVID-19a ez kutsatzeko.

EHUko zuzendaritzak dokumentu batean bildu zituen duela bi hilabete "normaltasun berrian" bete beharko diren segurtasun neurriak eta jarraibideak.

Zuretzat interesgarria izan daiteke: EHUren irizpideak datorren ikasturterako

Horien artean, aipatzeko modukoa da gutxienez eskolen % 75 aurrez aurrekoak izango direla. Gainera, jende pilaketarik egon ez dadin, sarrera eta irteera ordutegiak mailakatuak izango dira, eta ikasgelen edukiera mugatu egingo dute.

Bestalde, 1,5 metroko segurtasun tartea gorde beharko dute ikasleek, eta, ezinezkoa denean, maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da. Musukoa gehienez bi orduz eramango dute, eta klasea luzatzen bada, 15 minutuko atsedena izango dute.

Praktikak (laborategiak, tailerrak, etab.) lehenetsiko dira, teoriaren gainetik.

Ispilu gelak

Ispilu gelei esker, beste ikasgela batetik klasea zuzenean jarraitzeko aukera izango dute unibertsitarioek. Horrela, ikasle guztien irakaskuntza bermatuko du unibertsitateak.

Garbiketa eta desinfektatze lanak ere ohi baino zorrotzagoak izango dira zentro guztietan.