Itxi

Gizartea

COVID-19

Lehenengo txertoak osasun langileentzat eta adinekoentzat izango dira Italian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

COVID-19ari aurre egiteko txertoaren lehenengo dosiak, bi edo hiru milioi, urtea bukatu baino lehen jasotzea espero du Italiak.

  • Urtea bukatu baino lehen jasoko ditu txertoaren lehenengo dosiak Italiak

    Urtea bukatu baino lehen jasoko ditu txertoaren lehenengo dosiak Italiak. Argazkia: EFE

Italiak iragarri duenez, urtea bukatu baino lehen jasoko ditu COVID-19ari aurre egiteko txertoaren lehenengo dosiak eta, argitu duenez, osasun langileentzat eta gaixo dauden adinekoentzat izango dira, adinekoen egoitzetan bizi direnentzat bereziki.

"Txertoa heltzean, arazoa izango da erabakitzea nork jasoko duen. Hasieran bi edo hiru milioi dosi izango ditugu. Nire proposamena da doakoak izatea, eta lehenengo horiek osasun langileei eta patologiak dituzten adinekoei ematea, bereziki adinekoen erresidentziatan bizi direnei", adierazi du Roberto Speranza Italiako Osasun ministroak "Corriere della Sera" kazetan argitaratutako elkarrizketan.

Italiako lehen ministroak bezala, Speranzak ere errefusatu du beste konfinamendu nazional baten aukera, kutsatze kopuruak gora egin badu ere eta, azpimarratu duenez, Italiak "baliabide asko inbertitu eta Osasun Zerbitzu Nazionala sendotu ditu".

Speranzaren aburuz, datozen asteetan modu seguruan eskolak irekitzeko baldintza guztiak ematen dira, eta alderdi politikoei eskatu die desadostasunak eta kritikak alde batera uzteko pandemia elkarrekin gainditu ahal izateko.

Joan den otsailaren 21ean larrialdi egoera hasi zenetik, 276.000 kutsatze izan dira Italian eta 35.534 hildako, larunbat honetan zabaldutako azken zenbaketa ofizialaren arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.