Gizartea
HEZKUNTZA
EAEko milaka ikasle itzuli dira eskolara, bigarren olatu betean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hezkuntzako sindikatu guztiek gogor kritikatu dute Jaurlaritza, ikasleen eta irakasleen "segurtasuna ez dagoelako bermatuta". Greba deitu dute irailaren 15erako.
COVID-19aren pandemiagatik ezohiko neurriak hartuta, mailakatuta eta sindikatuen greba deialdi bat ate-joka dagoela itzuli dira eskoletara EAEko ikasleak, kutsatzeen bigarren olatu betean. Astelehen honetan, irailak 7, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleen txanda izango da. Gainerakoek irailaren 14 eta 15ean ekingo diote ikasturteari.
Ikastetxe guztiek eraikinak egokitu dituzte azken asteotan, koronabirusaren kutsatzeak ekiditeko, baina sindikatuetako ordezkariek behin eta berriz esan dute "baliabide nahikorik ez" dutela eta ikasleen eta hezkuntza komunitateko langileen "segurtasuna ez dagoela bermatuta". Musukoak, segurtasun distantziak eta higiene neurriak, besteak beste, izango dira eskolek utziko dituzten ezohiko argazkien protagonistak.
Ikasturteari ekin bezperan, Amezketako herri-eskolak astebete atzeratu du hasiera, irakasleetako batek COVID-19a duela baieztatu ondoren. Gainerako irakasleek ostiralean egin zituzten PCR probak, eta irailaren 11ra arte etxean isolatuta egon beharko dute.
Ipar Euskal Herrian, irailaren 1ean ekin zioten, eta Nafarroan joan den ostiralean, aparteko segurtasun neurriak hartuta.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak erabakitakoaren arabera, ikasleek eta irakasleek etxean hartu beharko dute tenperatura eskolara joan aurretik, eta musukoa erabili beharko dute 6 urtetik gorako guztiek. Eskuak behin eta berriz garbitzeko gel hidroalkoholikoak ipiniko dituzte gela guztietan, eta neurri horiez gain, beste hainbat jarri dira tokian-tokian, azpiegituren ezaugarrien arabera.
Greba deialdia
Eskoletarako itzulera modu egokian ez antolatzea eta "inprobisazioa" egotzi dizkiote Hezkuntzako sindikatu nagusiek (ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT) Eusko Jaurlaritzari, eta "itzulera segurua eta adostua" aldarrikatzeko greba deitu dute irailaren 15erako.
Langileen ordezkariek salatu dutenez, Hezkuntza Sailak prestatutako protokoloak "konkrezio falta" du, eta agindutako 1.000 kontratazioak ez dira gauzatu. Gainera, batzarrak eskatu badituzte ere, biltzeko eskaintzarik ez dutela jaso kritikatu dute, eta mobilizazio gehiago iragarri dituzte.
Cristina Uriarte jardunean dagoen Hezkuntza sailburuak, bere aldetik, asteon Radio Euskadin egindako adierazpenetan esan du "segurtasuna bermatuta" egongo dela ikastetxe guztietan, horretarako "behar diren neurriak" hartu direlako. Sindikatuekin hitz egiteko "borondatea" agertu du, eta greba deialdiaren inguruan "hausnarketa" egiteko eskatu die deitzaileei.
Sindikatuen jarrera ulertzea "kosta egiten zait" esan du Uriartek, kurtso hasiera "eragile guztien artean" prestatu dutelako.
371.956 ikasle izena emanda
2020-2021 ikasturterako 371.956 ikaslek eman dute izena EAEko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan, % 0,67 gutxiago, iazko datuekin alderatuta. Horien erdia (% 50,9), gutxi gorabehera, sare publikoan matrikulatu dira, eta beste erdia (% 49,1) pribatuan eta kontzertatuan. Ia hamarretik zazpik (% 68,4) D eredua aukeratu dute.
Jaiotze-tasaren jaitsierak eragin du izen-emateen jaitsiera. Ondorioz, Haur Hezkuntzan aurreko ikasturtean baino 4.938 haur gutxiago izango dira ikasturte honetan, eta Lehen Hezkuntzan, berriz, 1.593 gutxiago.
DBHri dagokionez, 952 ikasle gehiago izango dira (89.931 guztira, % 1,07 gehiago) eta Batxilergoan, berriz, 1.276 gehiago (32.140 guztira, % 4,13 gehiago). Lanbide Heziketan izandako matrikulazio kopuruak ere lau puntu egin du gora aurten.
BIDEOA | Urretxindorra ikastolako ikasleak pozik eta urduri itzuli dira gaur gelara
BIDEOA | Ohitura eta jarraibide berriak ikasteko eguna izan da ikasturteko lehena
BIDEOA | Eskola txikiek aldaketa gutxi egin behar izan dituzte euren antolaketan
BIDEOA | EHUko ikasleek modu presentzialen eta telematikoki jarraituko dituzte klaseak
BIDEOA | Eskola publikoak etengabeko elkarrizketa eskatu dio Eusko Jaurlaritzari