Gizartea
KORONABIRUSA
Astebete beranduago irekiko dute eskola Amezketan, positibo bategatik
EITB.EUS
Klaustrokide bati koronabirusa atzeman ondoren, gainontzeko irakasleek PCR proba egin eta konfinatuta egon beharko dute irailaren 11ra arte.
-
Amezketako Zumadi eskolako irudia. Argazkia: EiTB
Irailaren 7an hastekoa da 2020-2021 ikasturtea Euskal Autonomia Erkidegoan, baina Amezketan, irailaren 14ean irekiko ditu ateak Zumadi eskolak.
Astebetez atzeratu dute ikasturtearen hasiera, herriko eskolako klaustrokide batek positibo eman ondoren. Eskolako gainerako irakasleek ostiralean egin zituzten PCR probak eta irailaren 11ra arte etxean isolatuta egon beharko dute.
Gauzak horrela, Gipuzkoako lurralde ordezkaritzarekin eta prebentzio arduradunekin adostuta, 2020-2021 ikasturtea astebetez atzeratzea erabaki dute. "Momentu honetan daukagun egoera kontuan hartuta irtenbide egokiena ikasturtearen hasiera atzeratzea dela iruditu zaigu", esan dute eskolako arduradunek.
Bestalde, eskola eta herriko kaleak desinfektatzea agindu du Iñaki Amundarain Amezketako alkateak, gogoratu duenez, eskolaren mantenua Udalari dagokiolako. Hori dela eta, joan den astelehenean alkateak eskolako zuzendaritzarekin egindako bileran adostu zuten garbiketa areagotzeko neurriak ezartzea eta Hezkuntza Sailaren protokoloak betetzea.