Gizartea
Hezkuntza
Ia % 6ko beherakada Haur Hezkuntzan, jaiotze-tasaren jaitsieraren ondorioz
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Azken urteetako joerari eutsi dio hizkuntza-ereduak, izan ere, 3-5 urteko adin-tartean ikasleen % 81,2 D ereduan daude.
Astelehen honetan, irailak 7, hasiko da Euskadin 2020-2021 ikasturtea, 372.000 ikasle ingururekin, unibertsitatez kanpoko hezkuntza-etapetan, hain zuzen ere. Unibertsitate aurreko etapetan 371.956 ikasle izango dira aurten, aurreko ikasturtearekin alderatuta, 2.514 ikasle gutxiago, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak argitaratutako datuen arabera.
Jaiotza-tasaren jaitsieraren ondorioz, azken urteetan gertatu den bezala, beherakadarik nabarmenena Haur Hezkuntzan gertatu da (0-5 urte tartean), 4.938 ikasle gutxiagorekin (% 5,9 gutxiago). Lehen Hezkuntzan ere (aurreko ikasturtean hasi zen beherakada hori nabaritzen etapa honetan), ikasgeletara itzultzea 1.593 haur gutxiagorekin izango da (% 1,22 gutxiago).
DBHri dagokionez, 952 ikasle gehiago izango dira ( 89.931 guztira, % 1,07 gehiago) eta Batxilergoan, berriz, 1.276 gehiago (32.140 guztira, % 4,13 gehiago).
Lurraldeka, Araban izango dira unibertsitate aurreko etapetan 59.282 ikasle izango dira Araban (% 0,8 gutxiago), 185.255 Bizkaian (% 0,6 gutxiago) eta 127.419 Gipuzkoan (% 0,71 gutxiago).
Hezkuntza publikoa ala itunpekoa
Familiek seme-alabak eskolatzeko aukeratzen duten sareari dagokionez, sare publikoa nahiz itunpeko pribatuaren arteko orekak Euskal Hezkuntza Sistemaren ezaugarri izaten jarraitzen du, baina erdiek baino gehiagok aukeratzen dute publikoa. Familien % 50,9k sare hau aukeratzen du, eta % 49,1ek, berriz, itunpekoa edo pribatua.
Hizkuntza-eredua
Hizkuntza-ereduei dagokienez, azken urteetako joerak jarraitzen du: D eredua da ikasle guztien artean hautatuena, eta Haur Hezkuntzan hazten jarraitzen du: 3-5 urteko adin-tartean, 0,8 puntu egin du gora, ikasleen % 81,2 D ereduan egonik. B eredua % 15,6k aukeratu du, eta A eredua, berriz, familien % 3,2k adin tarte horretan.