Itxi

Gizartea

Unibertsitatea

Nafarroako Unibertsitate Publikoak "normaltasun berrian" hasi du ikasturtea

Agentziak | Erredakzioa

Koronabirusari aurre egiteko, zenbait neurri hartu dira: sarrera mailakatua izatea, gel hidroalkoholikoa erabiltzea, ikasleek euren arteko distantzia gordetzea eta ikasgelak aireztatzea.

1:51
NUP, gaur goizean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak "normaltasun berriaren" baitan eman dio hasiera ikasturteari. "Normala ez den egoera batean, ikasturtea ahalik eta hobekien garatzeko itxaropena" dute.

Sarrera mailakatuak, gel hidroalkoholikoa, ikasleen arteko distantzia eta ikasgelen aireztapena ezarri dituzte neurri gisa koronabirusari aurre egiteko. Hori dela eta, ikasturte honetan klaseak 50 minuturo geldituko dira gelak aireztatzeko. "Aurten hotz handia izango dute, dena irekiko dugulako", adierazi du Ramon Gonzalo Garcia unibertsitateko errektoreak ikasleei eskainitako informazio saioan.

Bere esanetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak bi abantaila ditu ikasturte hasieran: "Talde txikiak eta campus zentralizatuak". Horri esker, "ikasgelak konfiguratu eta bertako espazioak eta ikasle kopurua ezagutu ahal izan ditugu".

Hori guztia "premisa argi batekin: lehen urteko ikasleek aurrez aurreko eskolak izan behar dituzte bai edo bai".

Ikasturte honetan lehen urteko 2.000 ikasle inguru daude, plaza guztiak eskainita. Hala eta guztiz ere, oraindik "aurreinskripzio epea amaitzen" ari dira. Ikasturte honetan, unibertsitateak "inoiz baino aurreinskripzio gehiago" izan ditu, 9.000, hain zuzen ere.

Ikasgelak konfiguratzeko eta ikasleak banatzeko, unibertsitateak algoritmo bat sortu du. Hala, ikasturte guztietako 9.000 ikasle inguru unibertsitateko eraikinetan antolatu ahal izango dituzte.

Errektoreak esan duenez, "ikasleen % 94 kabitzen da ikasgeletan inolako arazorik gabe". Gainerakoentzat, ispilu-gelen sistema bat diseinatu dute, ikasgaiak emateko. Asmoa da "ispilu-gelako ikasle horiek txandaka joatea".

Ikasgelan kutsatzeren bat egotekotan, ikasgelako ikaskideek ez dira kontaktu estutzat joko, "ikasgeletatik kanpo kontaktu esturik ez baldin badute behintzat"; beraz, kutsatutako pertsona bakarrik egongo da konfinatuta.

Kutsatutakoen kopurua handia bada ikasgela batean, "modu telematikoan emango dira eskolak", irakasleekiko tutoretzez gain. Azken horiek beti modu telematikoan egitea gomendatu zaie.

Ikaslearen bizitza sozialari dagokionez, Garciak esan du unibertsitateak "erantzukizuna eta elkartasuna" eskatzen diela, "kanpoan gertatzen denak barruan (ikasgeletan) gertatzen denari eragiten diolako".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.