Gizartea
Koronabirusa
Ikasturtea abian da Ipar Euskal Herrian, 11 urtetik gorakoek maskara aldean dutela
Agentziak | Erredakzioa
Gaur hasi dituzte eskolak, itzulera mailakatu gabe baina prebentzio-neurriak indartuta. Distantzia fisikoa mantentzea ez da derrigorrezkoa izango.
Ipar Euskal Herriko ikasleek gaur, irailaren 1ean, hasi dituzte eskolak, aurreikusita zegoen bezala. Dena dela, ezohiko ikasturte hasiera honetan, 11 urte baino gehiago dituzten pertsona guztiek maskara jarri beharko dute, derrigorrez. Gainera, koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, neurri gehiago aurreikusten dituen protokolo bat prestatu dute agintariek.
"Eskolak ez dira osasun arloko krisi honetatik salbu egongo. Horregatik ez dut ikasturte berriko hasiera atzeratu nahi izan. Maiatzeko eta ekaineko esperientzia baliatuko dugu", adierazi du Jean-Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak hedabideen aurrean egindako agerraldian.
Itzulera ez da mailakatua izango, baina gaitza zabaltzea saihesteko prebentzio-neurriak indartu dituzte. Hala, irakasle guztiek maskarak eraman beharko dituzte, haurtzaindegietako zein haur eskoletako irakasleek barne, orain arte betebehar horretatik salbuetsita zeuden arren.
Protokolo horrek Frantziako Gobernuak ezarritako oinarrizko osasun-neurriak jasotzen ditu, hala nola, eskuak maiz garbitzea eta ikasgela zein espazio irekiak sarri garbitzea eta aireztatzea. Dena dela, maskarak ez dituzte doan banatuko.
Gainera, ikasleak eta irakasleak distantzia fisikoa errespetatzen saiatu beharko dira, baina ez da derrigorrezkoa izango distantzia mantentzea ezinezkoa bada edo klase bateko ikasle guztiak hartzeko oztopo bada.
Ikasgela batean konfinamendu mugatuak edo behin-behineko itxierak ezartzen badira, ikasturtea telematikoki jarraitu ahal izateko sistema prest dute jada, online jarraitu ahalko dituzten ehunka klaserekin. Gainera, eskolaz kanpoko klaseak eskainiko dizkiete ikasleei, astean hiru ordu inguru.
Protokoloa uztailean prestatu zuten, baina agintariek diote ez dagoela zaharkituta, egoerak okerrera eginez gero neurri zorrotzagoak aurreikusten dituelako. Dena dela, oraingoz ez dituzte neurri horiek publiko egin, egoera epidemikoak ez duelako halakorik eskatzen.
Dena dela, irakasleen sindikatuak ez datoz bat Frantziako Gobernuak ikasturtearen hasierarako ezarri dituen prebentzio-neurriekin, haien ustez, oraindik jorratu gabe dauden arlo asko baitaude, jantokien kasua, esaterako (horientzat ez dago araurik, gomendioak baizik).