Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Etxe berean bizita ere, zaila da adingabeek helduak kutsatzea, ikerketa baten arabera

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ikertutako haurren % 3,4k soilik kutsatu dituzte senide helduak, etxe berekoak izanda ere, Bartzelonako Vall d'Hebron ospitalean COVID-19arekin lotuta egindako ikerketak erakutsi duenez.

  • Etxe berean bizita ere, zaila da adingabeek helduak kutsatzea, ikerketa baten arabera

    Aita eta alaba, jolasean. EFEren artxiboko irudia

Bartzelonako Vall d'Hebron ospitalean COVID-19arekin lotuta egindako ikerketa batek ondorioztatu duenez, etxe berean bizita ere, zaila da adingabeek helduak kutsatzea. Hain zuzen ere, ikertutako haurren % 3,4k soilik kutsatu dituzte familiako kide helduak, etxe berekoak izan arren.

Prentsaurreko batean azaldu dutenez, ikerketak bi helburu zituen: Katalunian COVID-19arekin kutsatutako haurren ezaugarriak definitzea eta horiek senideei birusa kutsatzeko duten gaitasuna aztertzea.

Lehenengo helburuari dagokionez, ikerketan parte hartu duten 89 sendietako hirutan soilik izan dira adingabeak familia barruan birusa zabaldu dutenak. Horietatik bik, gainera, 17 urte zituzten.

Familien % 40,4n, baina, ezin izan dute kutsatzeko bidea zehaztu. Gainerako 50 sendietan, berriz, familiako beste kideren bat izan da senitartekoak kutsatu dituena.

Eskolara itzultzeko orduan hartu beharreko neurrien gainean zalantzak argitzeko xedez egin zuten ikerketa. Horretarako, martxoaren 1a eta maiatzaren 31a bitartean kutsatuta egon ziren familiak ikertu zituzten. Gainera, beste 357 ume ikertzen ari dira gaur egun.

Sintomak ez dira argiak

Gaixotasunak umeengan eragiten dituen sintomak ere aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute kasu gehienak "arinak" izan direla eta bilakaera "oso ona" izan dutela. Halere, haurrek izan ohi dituzten sintomak ez dira helduenak bezain argiak, eta horrek zaildu egiten du diagnostikoa.