Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Nola jokatuko da ikastetxe batean COVID-19aren kasuak atzemanez gero?

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ikastetxe batean koronabirus kasu bat baino gehiago egonez gero, kasu bakanak diren edo kutsatuen artean harremanik dagoen aztertuko da.

  • Haur eskola bat. Argazkia: EITB.

    Haur eskola bat. Argazkia: EITB.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Eusko Jaurlaritzak 2020-2021 ikasturtearen hasierarako hartutako neurrien berri eman du gaur, Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) barruan Aholku Batzordeak bilera egin ostean.

Ikasle edo irakasle batek COVID-19arekin bateragarria den sintomarik badu, etxean geratu beharko du. Probak egin ondoren kasua baieztatzen bada, ikastetxea bere ESIarekin harremanetan jarriko dela azaldu du Uriartek, "eta uneoro Osasun Publikoaren jarraibideak jarraituko ditu".

Hezkuntza sailburuak zehaztu du zentro bereko hainbat pertsona agertzen direnean infekzio "aktiboarekin", kasu bakanak diren edo kutsatutakoen artean loturarik dagoen aztertuko dutela. Pertsona horien artean nolabaiteko harremanik identifikatzen bada, agerraldi bat bezala tratatuko da egoera hiru kasuetatik aurrera, eta zergatia bilatzeaz gain, pertsona horiek isolatzeko aukera aztertuko da.

Bestalde, lurralde bakoitzean Jarraipen Batzorde Tekniko bat ezarriko da, Osasun Publikoak eta Hezkuntzak osatua. Helburu nagusia egoera bakoitzaren jarraipena eta balorazioa egitea izango da, neurri batzuk edo aurreikusitako ekintzen modulazioa egin ahal izateko. Era berean, Hezkuntzarako COVID-Aholku Batzordea eratuko da.

Uriartek azaldu duenez, koronabirusa duten seme-alabak zaindu behar dituzten familientzat, Enplegu eta Gizarte Politikekin lanean ari dira, eta horrekin batera zaintzaileak kontratatzeko laguntzak handitzeko aukera, eta osasun larrialdian onartutako kontziliaziorako laguntzak ere bai.

Seme-alabak eskolara eramaten ez dituzten gurasoak egon daitezkeen aukera ere aztertu du, eta aurten absentismoaren balizko igoera aurreikusten duten ikastetxeetara jo dutela adierazi du, arreta "berezia" izan dezaten. Horrekin batera, gogorarazi du Ikuskaritza Zerbitzua dela jardun behar duena, "legez, haurrek ikastetxera joan behar dutelako".

Eskola-garraioari dagokionez, ikasleek beti eserleku finkoak izatea gomendatzen da, eta garraiatzen dituzten haurren zerrenda eta esertzen diren lekua idatzita jasotzea gomendatzen da.

Azkenik, ikasleek zein langileek uneoro maskara erabiliko dutela ezarri da, nahiz eta sei urtetik beherakoen kasuan ez den derrigorrezkoa, baina bai gomendagarria. Jantokiari dagokionez, "Ikasle kalteberak" dituzten ikastetxeetan zerbitzua lehenetsiko da.