Itxi

Gizartea

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOA

Hasiera mailakatua, musukoa denbora guztian eta irakasle gehiago ikasturte berrirako

eitb.eus

Ikasturtea irailaren 7an hasiko da, baina DBHko 3. eta 4. mailetan eta Batxilergoan 15ean ekingo diote. Musukoa eramatea derrigorrezkoa izango da Lehen Hezkuntzatik aurrera.

7:35
Cristina Uriarte. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

Musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da Lehen Hezkuntzako 1. mailatik aurrera (6 urte) Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan, eta ikasturtea era mailakatuan hasiko da. Irailaren 7an hasiko dira eskolak Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetan, eta 15ean, aldiz, DBHko 3. eta 4. mailetan eta Batxilergoan. Lan Heziketa irailaren 14tik aurrera hasiko da.

Gainera, zentro bakoitzak arduradun bat izango du, COVID-19arekin lotura dituen kontuak eramateko. Hezkuntza Sailak 1.000 irakasle kontratatzea aurreikusten du, laguntza behar duten zentroetarako.

Eusko Jaurlaritzak ikasturte berrira begira hartutako neurriak aurkeztu ditu Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, EAEko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordearen (LABI) bileraren ostean.

Ikasturtearen hasiera

Azkenean, eskola egutegi berri bat onartu dute, ikasturtea era mailakatuan has dadin EAEn.

Ez da aldaketarik izango Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetan. Irailaren 7an hasiko dute kurtsoa, ikastetxeek hasiera batean ezarri bezala.

DBHko 3. eta 4. mailak eta Batxilergoa irailaren 15ean hasiko dira.

Lanbide Heziketari dagokionez, data desberdinetan hasiko da irail osoan zehar, "tailerrak eta lantokietako praktikak antolatu beharra" dagoelako.

Musukoa denbora guztian

Hezkuntza eta Osasun sailek musukoaren erabilera "indartzea" erabaki dute. Derrigorrezkoa izango da Lehen Hezkuntzako 1. mailatik aurrera, 1,5 metroko segurtasun distantzia gorde arren. Haur Hezkuntzan ez da derrigorrezkoa izango.

Irakasleek beti erabili beharko dute.

Arduradun bana ikastetxe bakoitzean

Ikasketa zentro bakoitzean arduradun bat egongo da, COVID-19arekin zerikusia duten aferak kudeatzeko. Zentroko zuzendaritzarekin batera, Osasun Publikoarekin koordinatuta egingo du lan.

Gainera, ikastetxe bakoitzak erreferentziazko ESI (Erakunde Sanitario Integratua) bat izango du. Ikastetxea horrekin harremanetan jarri beharko da ikasle edo langileren batek positibo ematean. Ikastetxera ezin izango da inor joan sintomarik izanez gero.

Jarraipen Batzorde bat egongo da lurralde bakoitzean, eta astero bilduko da egoeraren bilakaeraren jarraipena egiteko eta neurriak hartzeko.

Kontratazio gehiago

Hezkuntza sailak "aparteko" 1.000 irakasle kontratatzea aurreikusi du, ikasle gehien dituzten ikasgeletako ikastetxeei laguntzeko.

Gainera, zentroetako beharren artean daude "segurtasuna eta higienea bermatzen duten materialak" eta "tresna teknologikoen errefortzua". Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak 24.361 ekipo eramangarri erosi ditu, behar dituzten ikastetxeen eta familien esku jartzeko.

Higienea eta segurtasuna

Sailak higiene eta segurtasun materiala emango die zentroei, "hezkuntza-jarduera bermeekin garatu" ahal izateko. Gainera, garbiketa enpresekin hasieran aurreikusitako zerbitzua handitzea adostu du. Zentro guztiek garbiketako langileak izango dituzte goizeko ordutegian, komunen eta gainazalen garbiketa indartzeko.

Hezkuntzak hilero 500.000 musuko kirurgiko bidaliko dizkie zentroei. Horiez gain, ikasturte hasieran 800.000 musuko banatuko dituzte. Fisioterapeutak bezalako langile espezializatuentzat, beraien jarduerarako egokiak diren babes ekipamenduak banatuko dira.

Ikasturte berriarekin batera, termometro gehiago banatuko dira, eraikin bat baino gehiago duten edo ikasle gehiago dituzten ikastetxeei laguntzeko. Ekainean kontakturik gabeko termometro digital bana bidali zuten.

Gainera, Hezkuntzak 10.000 poto banatuko ditu irailaren lehen astean, eta 5.000 litro gel hidroalkoholiko hilero.

Aldaketak neurrietan

Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek 29 neurri eta 5 gomendio adostu eta hurrengo egunean aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak protokoloa. Tartean, 6 urtetik aurrerakoek musukoa derrigorrez erabiltzea eta aurrez aurreko eskolak gutxienez DBHko 2. mailera arte ezartzea adostu zuten.

EAE abstenitu egin zen, Hezkuntza-arloko eskumena autonomia erkidegoarena dela eta Uriarteren saila bere plana prestatzen ari zela argudiatuta. Neurri batzuk berdinak izango zirela eta beste batzuetan aldaketak egongo zirela aurreratu zuen.

INFORMAZIOA OSATZEN ARI GARA