Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Donostiako bi diskoteketako bezeroei PCR masiboak egingo dizkie Osasun Sailak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Abuztuaren 14an, 15ean eta 16an diskoteka horietan egon zirenei PCR proba egiteko dei egin zaie.

  • Komplot diskoteka

    Komplot diskoteka. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

Abuztuaren 14an, 15ean eta 16an Donostiako Komplot eta Tropical Disco diskoteketan egon ziren pertsonei COVID-19a atzemateko probak egiteko dei egin die Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak.

Egun horietan bi establezimenduetako batean egon direnek hitzordua eskatu behar dute proba egiteko, 943007909 telefonoan, Osasun Sailak eta Osakidetzak ohar baten bidez jakinarazi dutenez.

PCR testak astelehen honetan bertan hasiko dira egiten, 16:30ean, Donostia ospitalean, aparkalekuaren aurrean, eta bertara joaten direnek autoz eta maskararekin joan beharko dute.

Osasun Sailak "lasaitasun" mezua helarazi du, eta "horrelako neurriak prebentziozkoak baino ez" direla azpimarratu du, "transmisioa ahalik eta lasterren atzemateko eta kutsatze gehiago saihesteko".

Iturri berak herritarrei gogorarazi die COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak izanez gero (sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasunak edo usaimena galtzea) etxean bakartu eta osasun zentrora deitu behar dutela.

Sintomarik ez, baina PCR probaren emaitzen zain egonez gero, etxean isolatuta egon behar da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, berriz, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da.