Gizartea
TXAKOLINA
Txakolinaren garraztasuna kontrolatzeko protokoloa prestatu du EHUk
EITB.EUS
GrALaren ondorioen arabera, jatorri laktikoa duten bakterioek azido malikoa azido laktiko bihurtzen dute, eta, ondorioz, azidotasun gutxiagoko eta kalitate handiagoko produktua lortzen dute.
-
Aritz Mokoroa, EHUko ikaslea. Argazkia: EHU.
Euskal ardo tradizionalaren hartzidura malo-laktikoan esku hartzeko protokolorik egokiena azaltzen du EHUko GrAL batek. Proiektuak txakolinean fermentazio malo-laktikoak egitean upategietan sortutako arazoak ikertzen ditu, ñabardura ezberdineko produktu bat sortzeko.
Ardogintzaren arloan ikertutako eremuetako bat txakolinaren garraztasunaren kontrola izan da. Alor horrek ikertzaile, enologo eta ardogileen arreta erakarri du, hori baita, hain zuzen ere, produktuaren ezaugarri nabarmenetako bat.
Aritz Mokoroa Garmendiak egindako eta EHUko Kimika Fakultateko Unai Ona Ugaldek eta Ane Bordagarayk zuzendutako ‘Bideratutako hartzidura malo-laktikoak txakolinaren elaborazio prozesuan’ gradu amaierako lanean aztertu da txakolinaren garraztasuna dela hartzidura malo-laktikoa aldatzen duen prozesu biokimikoa.
GrALaren ondorioen arabera, jatorri laktikoa duten bakterioek azido malikoa azido laktiko bihurtzen dute, eta, ondorioz, azidotasun gutxiagoko eta kalitate handiagoko produktua lortzen dute.
Prozesu fidagarria
Txakolinean hartzidura malo-laktikoa gauzatuko duen prozesu fidagarria lortzeko, lau protokolo desberdin gauzatu dira, eta horietan bakterio laktikoa inokulatzeko bi metodo aztertu dira: ko-inokulazioa eta inokulazio sekuentziala.
Gainera, inokulazio-metodo desberdinen protokoloetako bakoitzean bi errepikapen egin dira, eta horietan aitzindari aromatikoak gehitu dira hartziduran duten eragina aztertzeko. Modu horretan lortu zen hartzidura malo-laktikoaren prozesua menderatzea upategiko txakolinaren ekoizpenean.
Bestalde, ikusi da aitzindari aromatikoak gehitzeak onura handiak ekarri dizkiola txakolinari, hartzidura malo-laktikoan gerta daitezkeen akats organoleptikoak konpentsatuz.
Era berean, aztertuta analisi sentsorialaren bidez hartzidura malo-laktikoak txakolinari emandako zantzuak, esan daiteke hartzidura malo-laktikoa ez dela egokia hasieran planteatzen zen beste ildo bateko txakolina lortzeko. Hala eta guztiz ere, hartzidura malo-laktikoa txakolinaren garraztasuna kontrolatzeko teknika egokia dela ondorioztatu da, desazidotze kimikoaren aurrean onurak erakusten baititu, gaur egun upeltegiek asko erabiltzen duten teknika.
Ondorio gisa, lanak planteatzen du txakolinaren hartzidura malo-laktikoa gauzatzeko protokolorik egokiena elkarrekiko inokulazioaren bidez egin dela, Stimula Chardonnay aitzindari aromatikoa gehituta, bai upategi mailan aplikatzeko dituen erraztasunengatik, bai ardoari eskaintzen dizkion ezaugarriengatik.