Itxi

Gizartea

Koronabirusa

"Inor ez dadila nahas; gauzak ez doaz ondo", ohartarazi du Fernando Simonek

Agentziak | Erredakzioa

Azaldu duenez, koronabirus-kasu gehiago atzematen ari dira, baina horrek ez du esan nahi transmisio komunitario "nabarmenik" ez dagoenik.

  • Fernando Simonek ohi baino zorrotzago hitz egin du ostegun honetan

    Fernando Simonek ohi baino zorrotzago hitz egin du ostegun honetan. Argazkia: EFE.

Fernando Simon doktoreak ostegun honetan ziurtatu duenez, koronabirus-kasu gehiago atzematen ari dira, baina horrek ez du esan nahi transmisio komunitario "nabarmenik" ez dagoenik. Horrez gain, ohartarazpena egin du: "Inor ez dadila nahas; gauzak ez doaz ondo".

Pandemiaren bilakaeraren berri emateko prentsaurrekoan, Simonek onartu egin du egia dela kasuen ezaugarriak desberdinak direla, kaltetuen batez besteko adina 35 urteetara jaitsi delako, eta ospitale-sistema ez dagoelako gainkargatuta. Nolanahi ere, berretsi duenez, "transmisio komunitarioak gora egin ahala, ospitaleratze-kopuruak ere gora egingo du".

"Inor ez dadila nahas, gauzak ez doaz ondo. Gelditzeko garaia da. Asko atzemateak ez du esan nahi transmisiorik ez egotea, eta gero eta handiagoa dugu", esan du, ohi baino zorrotzago, Osasun Larrialdien Koordinaziorako Zentroaren Zuzendariak.

Herritarrek mezua barneratzeko, Simonek eskaria egin die "gizartearengan eragina izateko gaitasuna duten guztiei" jendea kontzientziatzeko, eta esateko "zer egin behar den, ez zer egin behar ez den".

Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioak, ostegun honetan, adierazi du COVID-19ko 3.349 kasu berri atzeman dituztela; asteazkenarekin alderatuta, beherakada izan da: orduan, 3.715 izan ziren. Txostenak pandemiaren hasieratik izandako positiboen kopurua eguneratu du: 377.906 izan dira, asteazkenean baino 7.000 gehiago (370.867). Azken bi asteotan, 20.979 herritar hasi dira sintomak izaten, 5.511 azken zazpi egunotan.

Azken astean, COVID-19ko proba baieztatuta zuten 122 herritar zendu dira. Hortaz, pandemia hasi zenetik, 28.813 lagun hil dira Espainian, kopuru ofizialen arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.