Gizartea
Koronabirusa
12 positibo atzeman dituzte Elorriko egoitza batean
Agentziak | Erredakzioa
Zentroko langile batek positibo eman ostean atzeman dituzte gainerako kutsatzeak. Orain arte, Bizkaiko egoitzetako 93 erabiltzailek eman dute positibo.
-
Gizarte Laguntzarako Foru Erakundearen egoitza Elorrion. Irudia: Google Maps.
Bizkaiko Foru Aldundiak COVID-19aren foku berri bat atzeman du Gizarte Laguntzarako Foru Erakundeak Elorrion duen egoitzan: sintomarik ez duten 11 erabiltzaile eta langile bat kutsaturik daude.
Zentroko langile batek positibo eman ondoren, Elorrioko egoitzako 55 erabiltzaileen eta 58 profesionalen artean baheketa egin zen, Aldundiak jakinarazi duenez. Guztira, sintomarik gabeko 11 erabiltzaile positibo identifikatu zituzten.
Erabiltzaile horiek ostegun honetan bertan eramango dituzte kutsatuak artatzeko Birjinetxeko unitate soziosanitariora.
Kutsatu berri horiekin, 93 dira COVID-19an positibo eman duten Bizkaiko egoitzetako erabiltzaileak, duela bi egun baino sei gehiago. Langileei dagokienez, 62 positibo daude.
Abuztuaren 19ko lanaldia amaitzerako, Bizkaian adinekoentzat baimenduta zeuden 155 egoitzetan, orotara 10.748 plaza dituztenak, 42 erabiltzaile positibo zeuden. Halaber, beste hiru erabiltzaile ospitaleratuta daude, eta egoitzetan, berriz, 1.623 erabiltzaile sendatu dira.
Birjinetxeko koronabirus bidezko infekzio-kasuak artatzeko unitate espezializatuan 66 pertsona daude, eta horietatik, 48 egoitza-zentroen sareko erabiltzaileak dira. Horiez gain, hauskortasun-egoeran dauden 18 pertsona daude bertan, eta ospitaleratu ostean, berrogeialdia egiten ari dira.
Egun, egoiliar gaixoak dituzten hiru zentro daude: Truiondo-Zamudio (26), IMQ Igurco Zorrozgoiti-Bilbao (15) eta Miranda Fundazioa (1).