Gizartea
Zaldibarko zabortegia
"Gure bakea ez da erabatekoa izango Beltran topatu arte", dio Sololuze familiak
Agentziak | Erredakzioa
Asteazken honetan baieztatu dute zabortegian aurkitutako gorpuzkiak Alberto Sololuzerenak direla; senideek esker ona adierazi diete bilaketa-lanetan parte hartu dutenei.
-
Alberto Sololuzeren gorpuzkiak aste honetan, sei hilabete eta gero, topatu dituzte. Argazkia: EFE
Alberto Sololuzeren familiak, alegia, Zaldibarko zabortegian gorpuzkiak aurkitu dituzten langilearen senideek, esker ona adierazi die bilaketa-lanetan parte hartu duten guztiei, eta ziurtatu du bere "bakea" ez dela "erabatekoa" izango "Joaquin Beltranen gorpua agertu arte". Beltran, Sololuze bezala, otsailaren 6an desagertu zen, zabortegian izandako luizian.
Agiri labur baten bidez, Sololuze familiak "esker on handia" erakutsi die bilaketan eta gorpuaren aurkikuntzan ibili diren guztiei: "Baldintzak oso bereziak izan dira, baina ez dute etsi, eta lanean jarraitu dute, aurkitzea helburu".
"Bilaketak amaiera ona izateko egin dituzten ahaleginak ikusi ditugu, horien lekuko izan gara", nabarmendu dute senideek.
"Eskerrik asko, bihotzez, hilabete bukaezin hauetan elkartasuna agertu diguten pertsona guztiei. Gure ondoan izan zarete, eta ez gara bakarrean egon", gehitu du familiak. "Joaquin Beltranen bilaketak bere horretan jarraitzen du", azpimarratu dute, nolanahi ere.
Ondorengo 15 egunetan, Sololuzeren gorpuzkiak agertu diren eremuan jarraituko dute bilatzen Beltran, Eusko Jaurlaritzak asteazken honetan jakitera eman duenez.