Itxi

Gizartea

Zaldibarko zabortegia

Zaldibar Argitu: "Luiziko erantzukizun politikoek argitu gabe jarraitzen dute"

Agentziak | Erredakzioa

Plataformak, gainera, eskatu die erakundeei "Joaquin Beltranen bilaketa-lanak ez gelditzeko".

  • Zaldibar Argituk uztailean egindako protesta bat

    Zaldibar Argituk uztailean egindako protesta bat. EiTBko bideo batetik hartutako argazkia.

Zaldibar Argitu plataformak eskatu die erakundeei Zaldibarko zabortegiaren luizian desagertutako Joaquin Beltran langilearen bilaketa-lanak "ez gelditzeko", eta, halaber, salatu du "erantzukizun politikoek argitu gabe" jarraitzen dutela.

Goizean baieztatu dute zabortegian topatutako gorpuzkiak Alberto Sololuze langilearenak direla; plataformak "bihotzeko elkartasuna" helarazi nahi izan die Sololuzeren eta Beltranen senideei eta lagunei. Bi langileak otsailaren 6an desagertu ziren, zabortegian, luizia gertatu ostean, lurraren eta hondakinen hainbat tonaren azpian, lurperatuta.

Adierazi duenez, "Alberto Sololuze aurkitu eta identifikatzea aurrerapena da, luze eta agoniazkoak izan diren sei hilabete haien buruan, bereziki familientzat, dolu-prozesuan aurrera egiteko aukera izango baitute".

Hala ere, ohartarazi du Joaquin Beltran oraindik dagoela desagertuta; hori dela eta, galdegin die erakundeei bilaketa-lanak ez gelditzeko.

"Zaldibarko zoritxarreko gertakaria saihestu zitekeen, baina zabarkeria izan zen, bai eta kezkarik gabeko negozioa egiteko asmoa ere", salatu du plataformak. "Erantzukizun politikoak ez dituzte argitu oraindik", gaitzetsi du.

Hondakinak kudeatzeko ereduak, Zaldibar Argituren esanetan, "aldaketa behar du, hau bezalako zerbait berriro inoiz ez dadin gerta".

Plataformak ziurtatu duenez, asmoa du lanean jarraitzeko: "Joaquin aurkitu arte, hondamendi ekologiko honek gure osasunean eta ingurunean izandako eta izan litzakeen ondorioen berri izan arte, eta, behar diren dimisioak aurkeztuz, iritzi publikoaren eta herritarren aurrean erantzukizun politiko guztiak garbitu arte".

LABek erantzukizunak garbitzea eskatu du

Testuinguru honetan, LAB sindikatuak eskaera egin du erantzukizun publikoak eta pribatuak garbi daitezela, zabortegiko bi langileen heriotzen gainean. Halaber, "babes eta elkartasun osoa" agertu dizkie bien senideei eta adiskideei.

Sindikatuaren iritziz, "ezinbestekoa da erantzukizunak garbitzea, eta azken ondorioetaraino iristea". "Tartean sartutako eragile guztien erantzukizuna argitzeak eta herritarren osasuna bermatzeak nahitaezkoa izaten jarraitzen du", berretsi du.

ESK sindikatuak eskatu du "zabarkeria" gogor zigortzea

Ildo horretan, ESK sindikatuak galdegin du "zabarkeria" gogor zigor dezatela; hain zuzen ere, ondorengoen "arduragabekeriaz" aritu da: Eusko Jaurlaritzarena (Ingurumen Saila buruan), Bizkaiko Foru Aldundiarena, eta zabortegia kudatzen zuen Verter Recycling enpresarena.

Sindikatuaren esanetan, Iñaki Arriola egungo Ingurumen Sailako sailburuak "ezin du berriro Jaurlaritzako sailburu izan, gertaturikoaren ostean". Beraz, ESK sindikatuak adierazi duenez, "gauza bakarra espero dugu pertsona horren aldetik: segituan dimisioa eman dezala, legebiltzarkide gisa".

Ekologistak Martxanek eskatu du erantzukizun politikoak garbitzeko

Bere aldetik, Ekologistak Martxan taldeak nabarmendu du zabortegiko luizia ez duela amaitutzat ematen, eta eskatu du "erantzukizun politikoak garbitzea".

Ohar batean, Ekologistak Martxan Alberto Sololuzeren gorpuzkien aurkikuntzari buruz hitz egin du: "Sei hilabete eman ditugu albiste horren berri izateko, eta espero dugu bake pixka bat ekartzea senideei". Orain, taldearen itxaropena da Joaquin Beltranen gorpuzkiak laster aurkitzea, "jada luzeegia den bilaketa hau bukatutzat eman ahal izateko".