Gizartea
Koronabirusa
Koronabirus agerraldi bat atzeman dute Bilboko zahar-etxe batean, 10 kasurekin
Agentziak | Erredakzioa
Ballesol zahar-etxeko bederatzi egoiliarrek eta profesional batek positibo eman dute gaitza atzemateko PCR probetan. Zentro horretan 31 profesional eta 43 egoiliar daude.
-
Ballesol zahar-etxea, Bilbon. Argazkia: Google Maps
Koronabirus agerraldi berri bat atzeman dute Bilbon, erdigunean kokatuta dagoen Ballesol zahar-etxeko bederatzi egoiliarrek eta profesional batek gaitza atzemateko PCR probetan positibo eman ostean. Izan ere, astelehenean egoiliar batek eman zuen positibo, eta, atzo, langile zein egoiliar guztiei (31 profesional eta 43 egoiliar) egin zizkieten probak.
Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, zahar-etxean egindako baheketaren ondoren jaso dituzte datu horiek. Gauzak horrela, egoiliar guztiak Birjinetxeko unitate soziosanitario espezializatura eramango dituzte datozen orduetan.
Azken bi hilabeteetan, deseskalatze prozesuko 3 fasea burutu zenetik, Aldundiak gaitza atzemateko 5.870 PCR proba baino gehiago egin ditu Bizkaiko zahar-etxeetan.
Horietatik, 3.300 baino gehiago zentro horietako osasun arloko profesionalei egin zaizkie. Hain zuzen ere, kasu positibo gehien baieztatu dituzten udalerrietan egin dituzte zahar-etxeetan balizko kasu positiboen bila egindako prebentziozko probak.