Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Hezkuntzak irakasle gehiago kontratatuko ditu "beharra dagoen ikastetxeetan"

eitb.eus

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak ikasturtea aurrez aurre eta maila akademiko guztietan hasteko asmoa berretsi du.

9:24
Cristina Uriarte

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak iragarri duenez, Hezkuntza Sailak irakasle gehiago kontratatuko ditu "behar hori dagoen ikastetxeetan".

Euskadiko Babes Zibileko Plana (LABI) osatzen duen batzordearen bileraren ostean, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak agerraldia egin du gaur goizean hedabideen aurrean, 2020-2021 ikasturteari begira hezkuntza arloan onartutako neurriak azaltzeko.

Sailburuak azaldu duen moduan, Eusko Jaurlaritzak ikastetxeen beharren arabera hartuko ditu neurriak, kasu batzuetan, irakasleen kontzentrazioarekin zerikusia izango dute, eta beste kasu batzuetan, berriz, ikastetxeko espazio fisikoarekin, betiere, ikasgeletara segurtasunez itzultzea bermatuz.

Ikasgela bakoitzeko ikasleen ratioak irakasleen kontratazio beharrarekin lotura estua izango duela azaldu du sailburuak.

Hezkuntza sailburuak emandako datuen arabera, batez beste gela bakoitzeko 18,5 ikasle ditu Euskadik Haur Hezkuntzan. Lehen hezkuntzaren kasuan, 121 ikastetxek dute ikasgela bakoitzeko 17 ikasletik beherako ratioa. Era berean, EAEko 36 ikastetxek ikasgela bakoitzeko 25 ikasle dituzte gehienez, baina esleitutako gehieneko ratioa ez dute gainditzen.

DBHren kasuan, batez bestekoa 21,5 ikaslekoa da gela bakoitzeko eta Batxilergoan, 17 dira gomendatutakoa baino kontzentrazio handiagoa duten ikastetxeak.

Gainera, sailburuak ziurtatu du ikastetxeekin harremanetan jarriko direla dagozkien beharrak antzemateko, eta Osasun Sailarekin batera, ikastetxeetan koronabirus kasuak gertatuz gero hartu beharreko neurrietan lanean jarraituko dutela.

Goizeko jardunaldia DBHn

DBHko ikastetxeen % 95,4k 2020-2021 ikasturteko eskolak goizeko lanaldi jarraituan egitea erabaki du, zatitutako ordutegian eman beharrean, eta, oro har, ez da irakasle gehigorik kontratatuko, Euskadiko ikasgelen ratioak ezarritako maximoak baino txikiagoak direlako.

Hezkuntzak DBHko ikastetxeei goizeko ordutegi jarraituan eskolak emateko aukera eman die, eta ia denek aukera hori hautatu dute.

Horrek arratsaldeko ordutegia erabiltzea erraztuko du, arazo epidemiologiko batengatik ikasgelak bikoiztea bezalako neurri osagarriren bat hartu behar den kasuetan.

Jarduteko protokoloa

Egoera berri hau arintze aldera, Sailak ikastetxe guztiei jarduketa-protokolo bat egitea eskatu die, bertan, zehaztuko baitira eman daitezkeen egoera guztiak, bai eta kontingentzia-plan bat ere.

Haur Hezkuntzaren eta Lehen Hezkuntzaren kasuan, irakaskuntza talde egonkorrak mantenduko direla ziurtatu du sailburuak, eta bakoitzari tutore bana esleituko zaio. Era berean, "ikasle gazteenak eta ahulenak" ikasgeletara joatea lehenetsiko da, hau da, "hezkuntza-premia gehiago dituztenak".

Beste neurrietako bat ikasleak mailakaturik sartzea izango da, bai eskolatik irtetean eta sartzean, bai jolastokiaren ordutegian.

Gainera, ikastetxe bakoitzak erreferentziazko pertsona bat izango du COVID-19arekin zerikusia duten alderdi guztietarako.