Gizartea
Koronabirusa
Azpeitiko Udalak herriko taberna guztietako langileei PCRak egitea erabaki du
Agentziak | Erredakzioa
Udalak jakinarazi duenez, hasiera batean "fokua" alde zaharrean kokatu badute ere, "modu prebentiboan", "ostalaritzako langile guztiei" probak egitea erabaki dute.
-
Azpeitiko Erdikale kalea. Irudia: EiTB.
Azpeitiko Udalak herriko taberna eta jatetxe guztietako arduradunei eta langileei, alde zaharrekoei ez ezik, PCR probak egiteko eskatu die, hilaren 13an atzemandako covid-19aren agerraldiari aurre egiteko, orain arte 89 kutsatu baitaude.
Gipuzkoako Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, hasiera batean Erdikale kaleko tabernen gunean kokatu zuten "fokua", baina "prebentzioz" eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin "ados jarrita", "herri osoko ostalaritzako langile guztiei" detekzio-probak egitea erabaki dute.
Horretarako, Udalak gaur zuzenean eta gutun bidez eskatu die PCR probak egin ditzatela, koronabirusaren agerraldiaren "dimentsioak lehenbailehen jakiteko" eta "egoerari ahalik eta azkarren buelta ematen hasteko".
Testetan langileren batek positibo ematen badu, Udaleko arduradunak lokaleko kudeatzaileekin harremanetan jarri ahal izango dira, eta erakundea lokala desinfektatzeaz arduratuko da, dagoeneko alde zaharreko taberna eta jatetxeekin egin den bezala.
Atzo inguru horretako "ostalaritza establezimendu guztiak" desinfektatuta geratu zirela jakinarazi zuen Azpeitiko Udalak ohar batean, eta egun "covid-19rik gabeko toki seguruak" direla egiaztatzen duen "ziurtagiria" jasoko dutela adierazi du.
Ziurtagiria jaso ondoren, "lanean segurtasun osoz hasteko aukera izango dute", gaineratu du Udalak.
Azpeitiko alde zaharreko tabernak ixtea izan zen joan den ostiralean udal arduradunen eta ostalaritzako lokalen arteko bilera batean adostutako neurrietako bat, Udalak zehazten duenez. Bileran establezimendu horiek desinfektatzea ere erabaki zuten.
Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako zinegotziaren esanetan, Udalaren helburua "fokua ahalik eta gutxien zabaltzea da".
Ostalaritza-establezimenduak desinfektatzeko lanak Udalak kontratatutako enpresa espezializatu batek egiten ditu.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, igandean egindako PCR proben ostean, Azpetiko fokuak 89 kutsatu ditu, eta kopuru horrek gora egin dezake gaur, atzo udalerrian egin ziren baheketa-testen emaitzak ezagutzera ematen direnean.
Horiei, joan den aste hasieran Loiolako Espiritualtasun Zentroan atzemandako beste lau gehitzen zaizkie.