Itxi

Gizartea

COVID-19

Erantzukizuna eskatu du Azpeitiko Udalak 47 kutsatze gehiago atzeman ostean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Udalerriko Alde Zaharreko agerraldiarekin lotuta, 47 positibo gehiago atzeman dituzte. Zonalde horretako tabernak ixtea adostu zuten Udalak eta ostalariek.

  • Erdikaleko irudia, Azpeitian

    Erdikaleko irudia, Azpeitian. Argazkia: EFE

Erantzukizunez jokatzeko eskatu die Azpeitiko Udalak herritarrei, Alde Zaharrean atzemandako COVID-19aren agerraldian beste 47 kutsatze baieztatu ostean.

Alde Zaharrean dauden polikiroldegia, turismo-bulegoa eta adinekoentzako eguneko zentroa itxi dituela jakinarazi du Udalak larunbat honetan.

Bestalde, Alde Zaharreko Erdikale kaleko tabernetan abuztuaren 7 eta 9 bitartean egondako herritarrei PCR probak egingo zizkietela jakinarazi zuten Osasun Sailak eta Osakidetzak ostiral honetan. Gainera, datozen egunetarako zonalde horretako tabernak ixtea adostu zuten Udalak eta ostalariek.

Azpeitiko Udalak Twitter bidez azaldu duenez, Osasun Sailak zabaldutako behin-behineko datuen arabera, 47 positibo gehiago daude Alde Zaharreko agerraldiarekin lotuta. Bere kezka adierazi du Udalak, eta "erantzukizunez" aritzeko eta prebentziozko neurri "zorrotzak" hartzeko eskatu die herritarrei.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.