Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

COVID-19arekin gaixo zegoen pertsona bat hil da Gipuzkoako adinekoen egoitza batean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Azken orduetan ez da COVID-19aren kasu berririk atzeman Gipuzkoako egoitza-zentroen sare osoan, eta, beraz, bi egoiliarrek jarraitzen dute diagnostiko positiboarekin.

  • Adinekoen egoitza bat. Argazkia: EFE.

    Adinekoen egoitza bat. Argazkia: EFE.

COVID-19arekin diagnostikatutako pertsona bat hil da Gipuzkoako adinekoen egoitza batean, Eider Mendoza aldundiko bozeramaileak jakitera eman duenez.

Hermano Garate - San Ignacio egoitza-gunean atzemandako hiru kasuetako bat da. Hildakoa 90 urteko emakume bat da, aurretik bestelako patologia batzuk zituen eta Donostiako Unibertsitate Ospitalera eraman behar izan zuten asteazkenean koronabirusa zuela baieztatu ostean.

Mendozak, ohar baten bidez, samina agertu du heriotzaren aurrean, eta, Aldundiaren izenean, “gertutasuna” eta “babes osoa” eskaini die “une gogor hauetan” hildakoaren familiari eta hurbilekoei.

Halaber, eskerrak eman dizkie "lurraldeko egoitzetan birusaren aurkako borrokan inplikatuta dauden profesional guztiei".

Azken orduetan ez da COVID-19aren kasu berririk atzeman Gipuzkoako egoitza-zentroen sare osoan, eta, beraz, bi egoiliarrek jarraitzen dute diagnostiko positiboarekin.

Hermano Garate - San Ignacio egoitzan bizi dira biak, eta une hauetan Eibarko ospitaleko hirugarren solairuan daude. Zentro horretan bizi diren gainerako egoiliar eta langile guztiek negatibo eman dute azken egunetan egindako PCR probetan.

Aldundiko zaintza-talde espezializatuak, erizainek eta DYAk osatutako lan-taldeak, prebentziozko 5.688 PCR proba egin ditu azken bost asteetan (abuztuaren 10era arte) eguneko zentroetako eta egoitzetako erabiltzaileen eta langileen artean.

Adingabeen monitorea

Bestalde, bozeramaileak jakinarazi duenez, Donostiako adingabeen etxebizitza bateko monitore batek positibo eman du COVID-19an, eta, ondorioz, PCR proba egin diete zentro horretan bizi diren zazpi adingabeei, eta bakartuta jarraitzen dute.

Azpeitiko adinekoentzako eguneko zentroa modu prebentiboan ixteko agindua eman du Gizarte Politiketako sailak, udalerri horrek bizi duen egoera epidemiologikoa dela eta, gutxienez hilaren 24ra arte. Era berean, Azpeitiko adinekoen egoitzak astebetez bertan behera utzi ditu kanpoan egindako ibilaldiak eta irteerak.

Arrazoi berberengatik, Mutrikuko eta Elgoibarko adinekoentzako eguneko zentroen itxiera prebentiboa beste astebetez mantentzea erabaki da, baita bi udalerrietako adinekoen egoitzen kanpoaldean paseoak mugatzea ere.