Itxi

Gizartea

Osasun larrialdia

Tabernetako edukierak, ordutegiak eta pertsonen bilerak murriztuko dituzte berriro

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Osasun larrialdia ezarri ostean, neurri murriztaileak iragarri ditu Jaurlaritzak, eta asteartean zehaztuko ditu LABI Batzordean.

  • Gasteizko taberna baten irudietako bat

    Gasteizko taberna baten irudietako bat. Argazkia: EFE

Koronabirusaren hedapena gelditzeko Eusko Jaurlaritzak ezarriko dituen neurri berriak adostuko dituzte datorren asteartean LABI Batzordean, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuak iragarri duenez. Besteak beste, tabernetako edukierak, ordutegiak, pertsonen bilerak eta garraio publikoen gaueko ordutegiak murriztuko dituzte neurri horiek.

Prentsaurrekoan Tapiak azaldu duenez, "ezohiko agertokira" itzuliko gara astelehenetik aurrera, egun horretan bertan osasun larrialdia indarrean sartuko baita. Hortik aurrera, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak LABI-Euskadiko Babes Zibilerako Plana aktibatuko du, eta lehendakariak berak zuzendu eta koordinatuko du batzorde hori. Lehenengo bilera datorren asteartean, abuztuak 18, izango da, lehendakaria buru, eta erakunde anitzeko ordezkariekin.

"Osasun arrazoiak"

Tapiak azaldu duenez, "osasun arrazoiengatik" ezarri da EAEn osasun larrialdia, eta horri esker, une bakoitzari egokitutako neurri zehatzak ezarri ahalko dira. Oro har, Euskadi osorako neurriak egongo dira eta bestalde, neurri "zehatzak, ezohikoak", koronabirusak bereziki astindutako udalerrietan, alorretan nahiz eremuetan ezarriko direnak.

Tapiak aurreratu duenez, koronabirusaren hedapena gelditzeko ezarriko dituzten neurri berriak datorren asteartean adostuko dituzte, LABI Batzordean, alegia. Neurri horiek, besteak beste, tabernetako edukierak, ordutegiak, pertsonen bilerak eta garraio publikoen gaueko ordutegiak murriztuko dituzte. Gainera, bereziki kaltetutako udalerritan neurri murriztaile bereziak ezarriko dituztela iragarri du.

Aginte bakarra

Tapiak argitu duenez, LABI Batzordeko aginte bakarra lehendakaria izango da, eta bertan adostutako neurriak euskal gizarteari jakinaraziko dizkiote, baita gehien kaltetutako taldeei zuzenean. "Agertokia aldakorra" da, Tapiaren hitzetan, eta kutsatuen kopurua kontrolatuz gero, neurriak bertan behera uzten joango dira. "Atzerapauso hori ez da atsegina, baina ezinbestekoa da, beharrezkoa eta premiazkoa", gaineratu du. "Ez da alarma egoera bat, ez da martxoko edo apirileko konfinamendua bezalakoa, edo martxoan ezarritako neurri murriztaileak bezalakoak", azpimarratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.