Gizartea
koronabirusa
Osasun Ministerioak kalean erretzea debekatu eta diskoteken itxiera ezarri du
agentziak | erredakzioa
Osasun Ministerioak autonomia erkidegoekin adostu ditu neurriok. Diskoteka eta tabernek 01:00ean itxi beharko dute. Nagusien egoitzetarako ere arauak zehaztu ditu.
-
Pertsona bat erretzen, taberna bateko terrazan. Argazkia: EFE
Osasun Ministerioak eta erkidegoek "aho batez" onartu dute gaur, ostirala, kalean edo aire zabalean erretzea debekatzea (zigarro zein erretzeko gailuak erabilita), bi metroko segurtasun tartea mantendu ezean. Galizia eta Kanarietan jada hartutako neurria estatu osora zabalduko da, COVID-19ari aurre egiteko. Era berean, diskoteka, dantzaleku eta gaueko tabernetako itxiera ordua ere ezarri dute.
Erabakia Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) hartutako ebazpenaren ostean ezagutu da. EAEANk Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalariek aurkeztutako helegitea partzialki onartu du, eta, hori dela eta, tabernek ez dute 01:30ean itxi beharko. Alabaina, ezingo dira dantzalekuak erabili, ostalariek eskatu bezala.
Hala, Euskadiko tabernak 03:00ak arte eta diskotekak 05:00ak arte egon ahal izango dira zabalik, gaurkoan Osasun ministroak hartutako erabakia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.
Hasieran aipatutako neurriak Salvador Illa Osasun ministroak eman ditu ezagutzera, autonomia erkidegoekin izandako ezohiko bilera izan ondoren emandako prentsaurreko batean.
Ostalaritzari dagokionean, jatetxe, terraza, taberna eta jatetxeetan (hondartzetan daudenetan ere) metro eta erdiko distantzia egon beharko da mahaien artean, eta 10 laguneko taldeak elkartu ahal izango dira gehienez. Aipatutako distantzia tabernetako barretan ere mantentzea derrigorrezkoa izango da.
Establezimendu horiek 01:00ak arte egon ahal izango dira irekita, baina gauerditik aurrera ezingo da bezero berririk sartu. Neurri horiekin batera, modu osagarrian, kontrolak areagotzea ere adostu dute, kalean alkohola kontsumitzea saihesteko, kontuan hartuta erkidegoak eta udalak izango direla zigorrak ezarriko dituztenak.
Nagusien egoitzak
Pertsona nagusien egoitzek bisitak modu txandakatuan egiten direla bermatu beharko dute, bisitariek ordu berean bat egin ez dezaten. Gizarte eta osasun zentroetan, era berean, mugatu egingo dira egoiliarren irteerak.
Ekitaldiak
Ekitaldi jendetsuei dagokienez, Osasun Ministerioak ebatzi du autonomia erkidegoek aztertu beharko dutela arriskua, lurralde arteko kontseiluak adostutakoa kontuan hartuta. Hala, eta aipatutako azterketa aintzat hartuta, ekitaldi guztiek erkidegoaren oniritzia izan beharko dute nahitaez.