Gizartea
KORONABIRUSA
Agerraldi bat atzeman dute Gallartako zaharren egoitzan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
11 erabiltzaileri eta 5 langileri eragin die agerraldi berriak. Dagoeneko Bizkaiko 3 egoitzatan daude koronabirus kasuak.
-
Instalazioak garbitu eta desinfektatuko dituzte modu intentsiboan. Argazkia: EFE.
Bizkaiko Foru Aldundiak kutsatze-gune berri bat atzeman du azken orduetan Gizarte Laguntzarako Foru Erakundearen Gallartako egoitzan. Orotara 11 erabiltzailek eta 5 langilek eman dute positibo.
Agerraldi berri honekin, dagoeneko Bizkaiko hiru egoitzatan daude koronabirus kasuak, eta 53 erabiltzaile eta 49 langile daude kutsatuta.
Gallartako adinekoentzako zentroko agerraldia erabiltzaile eta langile guztiei probak egin ostean atzeman dute. Guztira 120 pertsonari egin dizkiete probak, 54 adinekori eta 64 langileri.
Kutsatutako 11 adinekoek ez dute sintomarik, eta Bizkaiko unitate soziosanitario espezializatura eraman dituzte, Birjinetxe zentrora. Bertan, detektatutako kasu berriak eta ospitaleratutako adinekoak artatzen dituzte, erabat sendatu arte. Une honetan, 42 adineko pertsona daude zentro horretan.
11 positibo berri horiekin, foru-egoitzen sareko 53 pertsona daude kutsaturik. Horrez gainera, beste bi ospitaleratuak izan behar izan dira.
Adineko pertsona horiez gain, 116 langile ere kutsatu dira. Horietatik, 49k positibo eman dute probetan eta gainerako 67ak, aldiz, prebentziozko isolamendu egoeran daude.
Bizkaiko Foru Aldundiak Gallartako egoitzan berehalako neurri batzuk hartu ditu, eta horien artean dago egoiliarrak solairu bakoitzean sektoreka isolatzea, kontaktua ahalik eta gehien murrizteko.
Halaber, asteburu honetan behintzat, bertan behera utzi dituzte senideen aurrez aurreko bisitak eta egoiliarren irteerak.
Bisiten ordez, bideodeiak edo beste sistema telematiko batzuk erabiliko dira, erabiltzaileek beren familiekin eta lagunartekoekin duten komunikazioa bermatzeko.
Nolanahi ere, salbuespenezko egoeretan, senideen bisitak baimendu ahal izango dira, beharrezko segurtasun-neurri guztiekin.
Egoiliarren familia guztiei behar bezala jakinarazi zaie zentroaren egoera epidemiologikoa eta senidearen egoera indibiduala zein den. Informazio hori aldian-aldian eguneratuko da.
Gaur, enpresa espezializatu batek instalazioak garbitu eta desinfektatuko ditu modu intentsiboan, Bizkaiko Foru Aldundiak emandako informazioaren arabera.