Itxi

Gizartea

Alpeak

Suitzan desagertutako euskal herritarraren bilaketa eten dute, euria dela eta

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ekaitz gogor batek ezustean harrapatu zituen Alloko, Güeñesko eta Uharte-Arakilgo lau turistak arroila bat jaisten ari zirenean.

1:26
Bilaketa lanak etenda euriagatik

Suitzan desagertutako euskal herritarraren bilaketa lanak bertan behera utzi dituzte ostiral honetan, euriaren ondorioz, tokiko Poliziaren bozeramaileak jakinarazi duenez. Izan ere, lau lagunek osatutako taldeak istripua izan zuen Parlitobeleko arroilan, St. Gallen kantoian, eta ezbehar horretan hiru kide hil ziren.

Testuinguru horretan, segurtasun arrazoiengatik eten dituzte gaur salbamendu lanak, eta eguraldiak ahalbidetzen duenean talde txikietan hasiko dira berriro bilaketarekin, Florian Schneider bozeramaileak azpimarratu duenez.

Hain zuzen ere, Alloko, Uharte-Arakilgo eta Güeñeseko turistak ezustean harrapatu zituen ekaitz gogor batek, polizia kantonalak jakitera eman duenez. Gaur goizean, hiru gorpu berreskuratu dituzte.

Atzo, 16:00ak aldera, bi emakumeak gizonezkoengandik banatu ziren, eta haiekin geratu ziren arroilaren atzealdeko leku zehatz batean, izan ere, oinez jaistea erabaki zuten tokiko bide batetik.

18:30ak aldera, ekaitz handi bat izan zen inguruan: metro koadroko 25 eta 30 litro arteko prezipitazioak izan ziren eta hiruko eskalan biko arriskua ezarri zen. Emakumeek, lau gizonak adostutako lekuan agertzen ez zirela ikusita, poliziari deitu zioten ordu erdi inguru geroago.

Urpekariek, txakurrek eta lau helikopterok osatutako sorospen zerbitzua ezbeharra gertatutako eremuan lanean dabil, eta asteazken arratsaldetik bertara sartzeko bidea itxita dago.

Suitzako agentziak adierazi zuenez, turistek arroila gidaririk gabe jaitsi zuten eta euren kontura bidaiatzen zuten inguru hartan. Kirol horren zaletuek maiz jarduten dute inguru horretan.

Bi emakumeek arreta psikologikoa jaso dute hotelean, eta Espainiako kontsulatuak gorpuak aberriratzeko tramiteak hasi ditu dagoeneko.

Nafarroak "dolumina" adierazi du

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek "doluminik sentituena" adierazi die hildakoen senideei.

Lizarran hedabideei egindako adierazpenetan, Indurainek doluminak eman dizkie biktimen senideei eta Alloko alkateari (hiru nafarretatik bi bertan bizi ziren).

Suitzan zegoen taldeko bi emakumeentzat ere maitasun-hitzak izan ditu, ezbeharra gertatu baino lehen hotelera itzultzea erabaki zutelako, eta "emozionalki egoera gogorrean" egongo direlako.

Alloko Udalak zazpi eguneko dolu ofiziala ezarri du, bertan behera utzi ditu programatutako ekitaldi ofizialak, eta erabaki du banderak krespoi beltz batekin jartzea, dolu keinu gisa.

Gainera, Nafarroako alderdiek doluminak agertu dituzte Twitterren jasotako mezu ezberdinetan.

Bestalde, bai Nafarroako Mendizale Federazioak baita Nafarroako Bilaketa, Salbamendu eta Ingurumenaren Babeserako Talde Elkarteak "atsekabe sakonena" adierazi diete hildakoen senide eta lagunei.