Gizartea
Koronabirusa
Zamudioko eta Bilboko bi erresidentziatan 50 inguru positibo atzeman dituzte
agentziak | erredakzioa
Zamudioko Truiuondo egoitzan 26ra igo da kutsatuen kopurua, eta Bilboko egoitza batean 17 egoiliarrek eta 5 langilek eman dute positibo.
-
Koronabirusaren proba emakume bati. Argazkia: Efe
Guztira 26 egoiliarrek eta hainbat profesionalek eman dute positibo COVID-19arekin Truiuondoko egoitzan, Zamudion (Bizkaia), baita Bilboko adinekoen zentro bateko 17 egoiliarrek eta 5 langilek ere.
Bizkaiko Foru Aldundiak publiko egin ditu datu horiek, baina ez du zehaztu zenbat langile kutsatu diren Truiuondon. Bertan bizi diren guztiak sintomarik gabekoak dira, eta ez du jakinarazi zein den Bilboko egoitza. Hala ere, EiTBk jakin ahal izan duenez, Zorrozgoitiko erresidentzian 19 egoiliarrek eta 9 langilek eman dute positibo.
Kutsatutako egoiliar guztiak beren geletan bakartuta daude, eta zentro horietan aurrez aurreko jarduera guztiak bertan behera geratu dira.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin bildu da arratsaldean, eta bere kezka adierazi du bileraren amaieran, "egoitzak gizartearen parte direlako eta gizartean gertatzen ari den kasu positiboen gorakada haiengana ere iristen ari delako".