Gizartea
Koronabirusa
Galizian kalean erretzea debekatu dute segurtasun distantzia zaindu ezin denean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Tabakoaren kea birusa transmititzeko faktore gisa hartu dute adituek.
-
Galiziak kalean erretzea debekatuko du segurtasun distantzia mantendu ezin denean. Irudia: EiTB
Galizian COVID-19ari aurre egiteko sortu duten adituen batzordeak kalean erretzea debekatzeko aukera aztertu du bilera batean. Neurri hori dela eta, kalean edota bestelako gune publikoetan (terrazetan, esaterako) ezingo da erre, segurtasun distantzia zaindu ezin bada.
Horrela azaldu du bileraren osteko prentsaurrekoan Alberto Nuñez Feijook, Xuntako presidenteak, eta adituen ustez kea birusa "transmititzeko faktorea" izan daitekeela nabarmendu du.
"Batzordeko kideak ados daude. Distantziak zaindu ezin diren terraza batean pertsona bat erretzen ari bada, kutsatzeko arriskua handia da", esan du Nuñez Feijook, eta "distantzia zaindu ezin bada, kaleetan edo leku publikoetan erretzea" debekatzearen aldeko apustua egin du, baita "mugimenduan egonez gero" ere.
Horregatik, egin beharreko kontsultak egin ondoren, debekua ofizial egin dute Galiziako Aldizkari Ofizialean kaleratuta. Presidenteak "erretzea debekatzea da logikoena" hitzekin amaitu du hitzartzea.