Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Iruñeko Udalak debekatu egin du kale-zurruta

agentziak | erredakzioa

Ez da baimenduta egongo eremu publikoetan edari alkoholdunak hartzea, biltzen diren pertsonen kopurua eta ordu-tartea edozein izanda ere, eta 100 euroko isuna jarriko dute.

  • Kale-zurruta. Argazkia: EiTB

    Kale-zurruta. Argazkia: EiTB

Iruñeko Udalak debekatu egin du hiriko bide eta espazio publikoetan litroak egitea, biltzen diren pertsonen kopurua eta ordutegia edozein izanda ere, eta 100 euroko isuna jarriko dute araua urratzeagatik.

Udalak kaleratutako ebazpenaren bidez, eremu publikoetan edari alkoholdunak hartzea baimendu gabeko jardueratzat hartuko da.

Udalak ohar baten bidez azaldu duenez, kale-zurrutek jende pilaketak eragiten dituzte eta kutsatzeak ekar ditzakete, bizilagunei eta espazio publikoa erabiltzen duten pertsonei eragozpenak eragiteaz gain.

Ebazpen horretan bertan, Udalak bide edo espazio publikoetan egingo diren jarduerei eskatuko zaizkien prebentzio-neurriak onartu ditu.

Horien arabera, antolatzaileek, besteak beste, edukiera kontrolatu, okupatutako espazioaren perimetroa itxi eta segurtasun-distantziak eta sarrera-irteerak zaindu beharko dituzte.

Prebentzio-neurriek, bai kale-zurrutari dagozkionak, bai bide publikoan antolatzen diren jarduerei dagozkienak, indarrean jarraituko dute COVID-19ak eragindako osasun-krisiak irauten duen bitartean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.