Gizartea
Koronabirusa
Nafarroan ikasturte hasierarako prestatutako protokoloa kritikatu dute sindikatuek
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako irakaskuntzako sindikatu guztien iritziz, "protokoloak ez du edozein hezkuntza prozesutan funtsezkoa den inolako irizpide pedagogiko eta emozionalik jasotzen".
-
Gela bat, hutsik, alarma-egoera indarrean zegoenean. Argazkia: EFE
Nafarroako Gobernuak 2020-2021 ikasturtearen hasierarako prestatu duen prebentzio eta antolaketa protokoloaren aurkako mezua adostu dute Nafarroako irakaskuntzan ordezkaritza duten sindikatu guztiek, publikoak zein itunpekoak, "horrek ez baitio erantzun nahikoa eta egokia ematen ikasgeletara seguru eta eraginkortasunez itzultzeko erronkari".
"Elkarrekin hitzartutako ikasturte osorako itzulera batengatik, segurua eta presentziala. Osasuna bermatu eskoletan" izenburua duen testua LAB, STEILAS, AFAPNA, ANPE, CCOO, ELA, UGT, SEPNA sindikatuek sinatu dute. Hain zuzen ere, Foru Gobernuak ez duela aurkeztutako protokoloa adostu eta Hezkuntza komunitateko eragileen ekarpenak ez dituela kontuan hartu salatu dute. Hori dela eta, negoziazio foroa sortzea eskatu dute.
Nafarroako irakaskuntzako sindikatuen iritziz, proposamen horrekin "ez da bermatzen irailean ikasgeletara modu seguruan itzultzea". Gainera, "protokoloak ez du edozein hezkuntza prozesutan funtsezkoa den inolako irizpide pedagogiko eta emozionalik jasotzen".
Sindikatuek salatu dutenez, Nafarroako Gobernuak osasun arloko irizpideak izan ditu soilik kontuan, "gure ikasleek merezi duten segurtasuna eta irakaskuntza-eraginkortasuna bermatuko duten neurriak hartzeko behar diren inbertsioak ez egiteko, hala nola ratioak jaistea, plantilla handitzea, espazioak planifikatzea edo materiala hornitzea". Proposamenak hartzen dituen irizpide sanitario horiek, gainera, "aldakorrak eta aurreikusezinak" direla uste dute.
Halaber, egoera horren kudeaketari dagokionez, sindikatuen iritziz, Hezkuntza Departamentuak ikastetxeetako zuzendaritzen eta irakasleen esku uzten du ardura guztia, pandemiaren bilakaera kontuan izanda bere gain hartu beharko lukeenean. "Haien gain hartu behar ez dituzten funtzioak esleitzen dizkie, berez ikasturte hasieran oso handia den lan-karga areagotzen die eta ondorio penalak ere ekar ditzakeen egoeran kokatzen ditu".
Sindikatuek salatu dutenez, gainera, Chiviteren gobernuaren proposamenak "irakasleen, ikasleen eta hezkuntza-komunitate osoaren baldintzen okertze kritikoa dakar praktikan". Arrazoi horregatik, "2020-2021 ikasturte itundua, segurua eta presentziala adosteko" mobilizazioak deitzeko aukera ere aipatzen dute.