Gizartea
BILBOKO JAIAK
Bilboko Konpartsek bertan behera utzi dute Aste Nahasia
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ekitaldi alternatiboak bertan behera uzteko erabakia astelehen gauean hartu zuten jai talde guztiek aho batez.
Bilboko jaietako konpartsen koordinatzaileak uko egin dio Aste Nagusiko programa ofizialaren ordez antolatutako "jarduera ludiko eta kulturalen programa xumea" gauzatzeari. Aste Nagusia maiatzean utzi zuten bertan behera, koronabirusaren osasun-krisiaren ondorioz.
Bilboko Konpartsek astearte honetan jakinarazi dutenez, ekitaldi alternatiboak bertan behera uzteko erabakia astelehen gauean hartu zuten taldea osatzen duten jaietako talde guztiek aho batez, "bizi dugun egoerak baldintzatuta", Bizkaian, oro har, eta Bilbon, bereziki, koronabirus bidezko kutsatze ugari izaten ari direlako.
Koordinakundearen esanetan, abuztuaren 22an hasi behar ziren jai- eta jolas-ekitaldi alternatiboak programatzerakoan, "osasun-neurri zorrotzenak" bultzatu zituzten "parte-hartzaileen osasuna bermatzeko", baina, azkenean, azken asteetan Bilbon eta EAEn "COVID-19aren hedapen handiaren aurrean talderik txikiena ere ez sustatzea" erabaki dute.
Bestalde, konpartsek Bilboko Udalaren "inposizioak" eta programa alternatiboa egiteko jarri dituen "oztopoak" kritikatu dituzte, "jardueren baimenak erabat baldintzatu dituztenak".
Konpartsek martxotik (koronabirusaren krisia piztu zenetik) aldarrikatu dutenez, "herri honek irribarrea, ilusioa, itxaropena eta jai gogoa behar ditu", baina, uztailean esan zuten bezala, "ZIUak bete gabe". Horregatik, "osasun, prebentzio eta elkarrekiko zaintza irizpideak" lehenetsi dituzte, jai egiteko gogoaren aurrean.
Konpartsen erabaki horrek udal talde guztiek asteon sinatutako adierazpen instituzionalari erantzuten dio. Adierazpen horretan, Bilboko Udalak aurten jairik ez egiteko eskatu die Aste Nagusian ekitaldiak antolatu ohi dituzten eragile guztiei (Bilboko Konpartsei, bereziki), ahal den neurrian pertsonen kontzentrazioak ez izateko, COVID-19a zabal ez dadin.
Jai esparruan 7 egunetan 24 ekitaldi izango dituen jai egitarau alternatiboa egiteko eskaera baztertzeko eskatu die Udalak Bilboko Konpartsei, "errespetuagatik, erantzukizunagatik eta herritarrekiko elkartasunagatik".
Gainera, orain arte eskatutako ekitaldi guztiak edo espazio publikoan egiteko eska daitezkeenak ukatu egingo direla iragarri du Udalak, eta bilbotarrek arduraz jokatuko dutela gaineratu du.