Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Bizkaiko pentsiodunek egoitzetako "kaos eta estutasun" egoera salatu dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Conde Aresti egoitzako 8 positibo Birjinetxera eraman dituzte, han 23 dira guztira positiboa eman duten egoiliarrak.

  • Zaharren egoitza. Argazkia: EiTB

    Zaharren egoitza. Argazkia: EiTB

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak lurraldeko zaharren egoitzetan bizi den "kaos eta estutasun" egoera salatu du. Gainera, Birjinetxe egoitzako egoera azpimarratu du, COVID-19aren aurka erreferentziazkoa izanik, bertako egoerak, pandemiaren berragerpenekin, "inprobisazioaren eta pertsonal faltaren adibide" izaten jarraitzen duela iritzita.

Kolektiboak ohar batean adierazi du egoitza batzuetan izaten ari den egoera "larria" dela; Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen Birjinetxe egoitzan, adibidez. Gaur egun, gune horietako benetako egoera zein den ezagutu gabe jarraitzen dutela deitoratu dute, baita ikuskapen lanak eta horien emaitzak edota ezinbestekotzat jotzen duten "txoke plana" ere.

"Egoitzek langile finkoak oporrak hartzera behartu dituzte (beste inkongruentzia bat) eta ez dituzte ordezko langile nahikoa kontratatu, eta egoiliar eta senideei mugimendu eta bisita mugak besterik ez dizkiete jarri", esan dute.

Horren esanetan, abuztuaren 7an Birjinetxek 8 egoiliar gehiago hartu zituen, Conde Arestiko egoiliarrak eta positiboak denak (EiTBk jakin duenez), eta lehengo astean 6 erabiltzaile izatetik 23 izatera pasatu dira. Pentsionistek zuzendaritzaren "urduritasuna eta abusua" salatu dituzte; izan ere, "6 arratsaldeko txanda jarraian, atsedenik gabe, egitea inposatu zaie langileei, ordezkapenak egiten ari direnak txandak bikoizten ari dira euren eskubideei uko eginez".

Kolektiboaren arabera, beste solairu bat ireki nahi izan ez dutenez, Birjinetxe egoitzan "COVID-19a ez zuten langileek positiboak ziren beste langile batzuekin gune zikinak partekatu dituzte", eta gune horietan ez zen garbiketarik egiten arratsaldeetan. "Debekatua zegoen kutsatutako guneetatik gune garbietara igarotzea, baina COVIDa ez zuten erabiltzaileak eta COVIDa zutenak batera jartzen zituzten", esan dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.