Gizartea
Egoitzak
Gipuzkoako zaharren egoitzetan berriro hasiko dira irteerak, asteartetik aurrera
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Erabiltzaileek FFP2 motako maskara eraman beharko dute, eta gune irekietan eta bizitokia duten erresidentziatik gertu ibili beharko dira.
-
Gipuzkoako zaharren egoitzetan berriro hasiko dira irteerak, asteartetik aurrera. Argazkia: EFE.
Gipuzkoako zaharren egoitzetako erabiltzaileak asteartetik aurrera irten ahalko dira kalera ibilaldiak egitera "prebentzio eta higiene neurri guztiak muturrera eramanez eta jende askoko edo itxitako guneak ekiditen".
Gizarte Politiketako Sailak, uztailaren 18an, kasuen gorakada ikusita, egoiliarrak kalera irtetea debekatu zuen. Departamentuak ohar batean jakitera eman duenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Kontseiluarekin hitz egin ondoren, adierazi du egoiliarrei kalera irteteko baimena ematen diela.
Hortaz, asteartetik aurrera, Gipuzkoako zaharren egoitzetako erabiltzaileak kalera irten ahalko dira, betiere bete beharreko neurri zehatzekin: ibilaldiek ezingo dute ordu eta erdi baino gehiago iraun eta erabiltzaileek FFP2 motako maskarak erabili beharko dituzte; gainera, gune irekietan eta bizitokia duten egoitzatik gertu egon beharko dira uneoro.
Ibilaldiek, batez ere izaera terapeutikoa izango dute, adindunek profesionalen edo gertuko familiako kideen laguntzan egin ahalko dituzte txangoak, beti ere "prebentzio eta higiene neurriak betez" eta "jende askoko eta itxitako guneak" ekidinez, adierazi du Gizarte Politiketako Sailak.
Kanpora irten aurretik, egoitzak berak ezarritako ordutegietan beti, laguntzaileen erregistroa egingo da, zeinak familiako kidea egoitza kanpoan hartuko duten, bertara sartu gabe. Gainera, dokumentu bat sinatu beharko dute neurri guztiak beteko dituzten konpromisoa hartuz.
Egoitzara itzultzerakoan tenperatura hartuko zaie egoiliarrei, eskuak eta oinetakoak garbituko zaizkie eta gurpildun aulkien, makuluen eta tankera horretako elementuen higienea muturreraino eramango da.