Itxi

Gizartea

Koronabirusa

431 positibo berri zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian, atzo baino zerbait gutxiago

eitb.eus

Horietako 248 Bizkaian eman dira, 89 Nafarroan, 50 Gipuzkoan eta 43 Araban, eta beste bat EAEtik kanpo bizi den pertsona batena da.

  • Probak ospitale batean.

    Probak ospitale batean. Argazkia: EFE

Hego Euskal Herriko eguneko kutsatuen datuak apirileko kopuruen parean jarraitzen du. 431 positibo zenbatu dituzte azken 24 orduetan.

Aurreko eguneko datuekin alderatuta (492 positibo), jeitsi egin da kutsatutakoen kopurua, baina, halere, orain dela astebete atzemandakoen bikoitza bano gehiago dira.

Lurraldeka, 248 Bizkaikoak dira, 89 Nafarroakoak, 50 Gipuzkoakoak, 43 Arabakoak eta beste bat EAEtik kanpo bizi den pertsona batena.

Azken egunean 6.566 PCR proba egin dira Euskal Autonomia Erkidegoan eta 1.159 Nafarroako Foru Erkidegoan.

Agerraldiak establezimenduetan

Donostiako Ramuntxo Berri tabernarekin lotutako behaketa lanetan 3 positibo atzeman dira. Ostiraletik 1.359 PCR proba egin dira uztailaren 26tik abuztuaren 3ra bitartean egondako pertsonei, eta gaur beste 72 pertsona daude deituta.

Aguraingo (Araba) Kokolo tabernarekin lotuta 113 PCR proba egin dira, eta bi positibo aurkitu dituzte.

Galdakaon (Bizkaia), Muguru tabernarekin lotutako behaketa lanetan oraindik ez dago emaitzarik. Atzo 503 PCR proba egin ziren, eta gaur beste 552 pertsona daude deituta. Guztiak uztailaren 27tik abuztuaren 4ra bitartean egon ziren lokalean.

Astelehenera arte ez du emango Osasun Sailak ospitaleratzeei edo R0 indizeari buruzko daturik.

Datuak Nafarroan

46 gaixo daude Nafarroako ospitaleetan, horietako 6 ZIUn.

Adinari dagokionez, % 52 15 eta 44 urte bitarteko pertsonak dira. Bestetik, 14 urtetik beherakoak % 25 izan dira berriz.

Gaur egungo agerraldiekin eta behaketa lan motarekin bat dator datu hori. Inguru familiarrak (belaunaldiak nahastuta dauden unitate eta nukleoekin) eta eremu sozialak garrantzia dute eszenatoki honetan. Lan arloko adarrak ere badaude.

Kutsatu berrien % 17k 45 eta 59 urte bitartean du, eta 60 urtetik gorakoak % 6 dira. Bataz besteko adina 32 urte inguruan mantentzen da. Profila nahiko gaztea da, beraz. Horrela izaten ari da uztailetik. Generoari dagokionez, % 48 gizonezkoak eta % 52 emakumezkoak dira.

Kasu gehienak Iruñeko Osasun Eremuan daude (% 46). Hori da biztanle gehien dituen eremua. Gaurko datuetan, oso gertu agertzen da Tuterako Osasun Eremua, positiboen % 44rekin.

Atzo bi ospitaleratze berri izan ziren.

Nafarroako ospitaleetan 46 pertsona daude ingresatuta covid-19arekin. Horietako 6 ZIUn daude, eta beste sei, etxean.

Gainontzeko pazienteak, 34, ospitaleetako gela arruntetan daude. Osasunbideak azaldu duenez, guztiek eman dute positibo PCR proban, ospitaleratzeko arrazoia hori ala beste bat izan.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiaren lantaldeak zortzi positibo aurkitu ditu azken egunetan Bilboko adinekoen egoitza bateko egoiliarren artean. Zenbait langile isolatu dituzte, positibo eman ostean.

Gainera, Deustuko (Bilbo) San Felicisimo parrokia aldi baterako itxi dute, erlijioso batek PCR proban positibo eman ondoren, elizako webguneak eta Bilboko Apezpikutzak jakitera eman dutenez.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, berriz, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da.