Itxi

Gizartea

Kukutza, itxita

Azkuna: 'Atzoko indarkeriak kale borroka zirudien'

Erredakzioa

Bilboko alkateak Ertzaintzaren lana defendatu du eta neurriz kanpokoa agenteak "harriak, koheteak eta adreiluak jaurtiz" jaso zituztenen jarrera izan zela esan du.

01:15
Azkunaren ustez, Bildu Kukutzaren atzean dago

Iñaki Azkuna Bilboko alkateak esan du atzo, Bilboko Kukutza gaztetxea ixteko operazioan eta ondoren izan ziren protestan, "kale borroka zirudien indarkeria" ikusi zuela eta "badakigu nondik ateratzen den hori guztia".

Bilboko alkateak Bilduri leporatu dio Gaztxetearekin sortu den "arazoa elikatzea" eta Ertzaintzaren jarduna babestu du.

Azkunak berretsi du Udalak legea errespetatuz jokatu duela, izan ere, arazoaren jatorria lokal pribatu baten okupazioan omen dago, jabeak eraitsi eta etxebizitzak eraikitzea erabaki duelako eta Udalak eta epaileak baimena eman diotelako.

Alkateak azpimarratu du Udala ez dagoela Kukutzaren eredu kulturalaren kontra, ezta gaztetxearen kontra ere. Udalak salatzen duena okupazioa omen da, "edonork nahi duena okupa dezakeela" pentsatzen duten gazteen jarrera. Azkunaren arabera, Bilduk ere horrela pentsatzen du, "hasieratik egon da Kukutzaren atzean, arazoa elikatzen".

Era berean, Udala gaztetxeari laguntzeko prest zegoela gogorarazi du, lokal bat alokairuan lortzeko prest zegoela eta prezioaren zati bat Udalak berak ordainduko zuela.

Alkateak Ertzaintzaren lana defendatu du eta neurriz kanpokoa agenteak "harriak, koheteak eta adreiluak jaurtiz" jaso zituztenen jarrera izan zela esan du. "Ertzaintzak epaile baten aginduz jokatu du, ez sailburu bati edo alkateari otu zaiolako", adierazi du Azkunak.

Epaileak eraisteko agindua bertan behera utzi ondoren har dezakeen erabakiaz galdetuta, Bilboko alkateak erantzun du errespetu osoz jasoko dutela.

Bilduren erantzuna Azkunari

Bilduk erantzun egin dio Bilboko alkateari eta "Kukutzaren atzean" ez, "Kukutzaren alboan" dagoela esan du.

Donostiak Ertzaintzaren lana salatu du

Donostiako Udalak Ertzaintzak gaztetxea husteko izan zuen jarrera salatu du. Prentsaurreko batean, Asier Jaka Partehartze zinegotziak elkartasuna eta babesa helarazi die urtetan Kukutza "sortzeko lanean aritu direnei", Errekalde auzoko herritarrei eta Bilboko herri-mugimenduari.


Manifestazioa, epaitegietan

Kukutzako zaleek eta kideek manifestazioa egin dute 13:00ean Bilboko epaitegien aurrean. Manifestazioan Oskar Matute, Ana Etxarte eta Aitziber Ibaibarriaga Bilduko ordezkariak izan dira.

Ertzaintzak ehunka manifestarien aurka kargatu du eta atxilotu bat izan da, Radio Euskadik jakinarazi duenez.