Itxi

Gizartea

Istiluak

Hiru gazte atxilotu dituzte Gasteizen, ertzainen aurka botilak jaurtitzea egotzita

Agentziak | Erredakzioa

Konkretuki, 20 urteko bi gazte desordena publikoak egotzita atxilotu dituzte, eta 26 urteko beste bat agintaritzaren aurkako atentatua leporatuta.

  • Gasteizko Andre Mari Zuriaren plaza. Artxiboko argazkia: EFE

    Gasteizko Andre Mari Zuriaren plaza. Artxiboko argazkia: EFE

20 urteko bi gazte atxilotu ditu Ertzaintzak goizaldean, Gasteizen, ertzainen aurka botilak jaurti ondoren. Desordena publikoak egotzi dizkiete. Gainera, 26 urteko beste gazte bat atxilotu dute, ertzain bati aurre egin diolako. Agintaritzaren aurkako atentatua leporatu diote.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Ertzaintzak tabernen itxiera ordutegia kontrolatzeko eta COVID-19aren aurkako araudia betearazteko dispositiboa martxan jarri duenean jazo dira gertakariak.

01:30 aldera, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak ordutegien kontrola egin dute Gasteizko Alde Zaharrean. Une horretan, zenbait pertsonak agenteen aurka botilak bota dituzte.

Bi gazte identifikatu dituzte ertzainek, eta desordena publikoak egotzita atxilotu dituzte. Jarraian, hirugarren pertsona bat atxilotu dute ertzain bati oldartu ondoren, agintaritzaren aurkako erasoa leporatuta.