Gizartea
KORONABIRUSA
Arduraz jokatzeko deia, izango ez den Donostiako Aste Nagusiaren atarian
EITB.EUS
Ez da Aste Nagusirik izango Gipuzkoako hiriburuan, baina Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu 'Abuztua Donostian' goiburupean. Bihar hasiko dira, denak aire librean eta edukiera mugatuarekin.
-
Aurten ez festarik izango, baina bai ekitaldi txiki ugari. Argazkian, piraten abordaia, iaz. EFE.
Koronabirusak udako festarik gabe utzi du Euskal Herri osoa, baita Donostia ere. Gauzak ondo, bihar zen abiatzekoa kanoikadarekin Aste Nagusia Gipuzkoako hiriburuan, baina maiatzean jada iragarri zuten aurten ez dela jairik izango. Halere, Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu, egoera berrira egokituta: denak aire librean egingo dira eta edukiera mugatua izango dute. Bihar hasiko dira, 'Abuztua Donostian' izenburupean, eta abuztuaren 31ra arte daude ekitaldiak programatuta.
Ez da kontzertu jendetsurik izango, su-artifialen lehiaketarik ere ez, eta piratek datorren urtera arte itxaron beharko dute, gutxienez, berriro Kontxako urak abordatzeko. Jende pilaketak ekiditea baita helburua aurten, eta hori izan dute kontuan aurtengo ekitaldiak antolatzerakoan. Hain zuzen, zabaldu duten esku-orrian bertan jasotzen denez, programazioak "edozein aldaketa jasan ahal izango du" unean uneko "osasun-araudia" dela eta.
Asteburu honetako programazioa:
Abuztuak 8, larunbata
- 10:30 PIRAGUISMOA: Zeharkaldia Paseo Berritik Zurriolatik Pasaiako portuko sarreraino. Irteera eta helmuga: Nautikoko ontziralekua.
- 19:00 'ABUZTUA DONOSTIAN … HASTERA GOAZ!' ekitaldia Miramar jauregian.
- 19:00-21:30 OLATZ SALVADORren musika emanaldia Erizainen plazan (Kursaal).
- 19:00 IGELDOKO HARRIA: Harrijasotzaileak Trinitate plazan.
Abuztuak 9, igandea
- 11:00 PATINETAN eta BIZIKLETAN IGANDE MARTXA. Irteera eta helmuga Tomas Alba plazan (Sagues).
- 14:00 / 19:00 / 21:30 LAMIAK, rock musika Erizainen plazan (Kursaal).
- 20:00 TXISTULARI ALARDEA Trinitate plazan.
ANTIGUA
- 10:00 LEGATZA SALTSA BERDEAN LEHIAKETA Ondarreta pasealekuko parkinean.
- 17:00 ERIZ Magoak 'AUSKALO' haurrentzat magia ikuskizuna aurkeztuko du Ondarreta pasealekuko parkinean.
- 18:00 ERRALDOIEN ERAKUSKETA Ondarreta pasealekuko parkinean.
Kontsultatu, hemen, 'Abuztua Donostian' egitarau osoa.
"Ardura"
"Orain arte bezala, arduraz eta zentzuz" jokatzeko deia egin die herritarrei Eneko Goia Donostiako alkateak, bertan behera geratu diren festen atarian. Aurtengo Aste Nagusia ez ospatzeko arrazoia "barneratzeko" eta herritar bakoitzak egoerak eskatzen dituen neurriak hartzeko eskatu du.
Goiaren hitzetan, pandemia hasi zenetik behin eta berriz eskatzen ari dira "arduraz jokatzeko", eta datozen egunotarako mezua ere berbera da. "Aurten ez dago festarik eta denok badakigu zein den arrazoia. Uda oso ezberdina izaten ari da, horrela tokatu da eta pasatuko da", esan du.
Bestalde, alkateak nabarmendu duenez Aste Nagusiko eragile guztiekin jarri da harremanetan Udala azken hildabeotan, egoera berrira egokitutako ekitaldiak elkarlanean antolatzeko. Ildo horretan, harrituta agertu da Donostiako Piratak kolektiboak egindako kritikarekin, eurekin ez direla harremanetan jarri esanez.