Gizartea
Protestak Bilbon
Kukutza hustearen aurka manifestaldia egin dute milaka pertsonek
Erredakzioa
Ezezagunek edukiontziak gurutzatu dituzte eta horietako baztuei su eman diete Errekalde auzoan, gauean. Istiluetan gutxienez bi lagun atxilotu ditu Ertzaintzak. Guztira, 32 pertsona atxilotu dituzte.
Milaka lagunek manifestaldia egin dute arratsaldean, Bilbon, Errekalde auzoko Kukutza gaztetxea hustearen aurka protesta egiteko.
Protesta Ametzola geltokitik abiatu da. Manifestariek geltokian bat egin dute eta geroago Gordoniz kalerantz joan dira. Manifestaldian "atxilotuak askatu" eta "polizia gutxiago, kultura gehiago" oihuak entzun dira, besteak beste.
Manifestaldia gaztetxera heldu denean manifestarien eta Ertzaintzaren arteko tentsio uneak izan dira. Eraikinera atzealdetik sartzen saiatu den lagun talde baten aurka kargatu du Ertzaintzak.
Istiluak
Era berean, Errekaldeko plazaren eta gaztetxearen artean karga bat baino gehiago egin dute ertzainek. Ertzaintzak manifestarien kontra kargatu du eta ondoren manifestariek kontainerrak gurutzatu dituzte, eta horietako batzuei su eman diete. Gordonizeko eta alboko kaleetako hiri-altzariek kalteak jaso dituzte.
Hustearen kontra oihu egin dute manifestariek. Era berean, ertzainen aurka "Castrora joan zaitezte" eta "Kukutzagatik, ez dira pasako" garrasi egin dute. Bestalde, ertzainak harrikatu dituzte manifestariek.
Liskarretan, manifestari talde batek Udaltzaingoaren auto baten kontra harriak bota ditu. Ibilgailuan kalte larriak eragin dituzte, baina agenteak onik atera dira.
Istiluetan Karmelo Landa ezker abertzaleko buruzagi ohia arin zauritu da, Landak berak Twitter sare sozialaren bidez jakitera eman duenez.
Liskarrak gauean
Ezezagunek edukiontziak gurutzatu dituzte eta horietako baztuei su eman diete Errekalde auzoan. Istiluetan gutxienez bi lagun atxilotu ditu Ertzaintzak, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez. Guztira, 32 pertsona atxilotu dituzte gaur.
Kontainerrak Gordoniz, Ciudadela, Salou eta Altube kaleetan bota dituzte 22:00ak aldera. Su eman dizkioten edukiontziak itzaltzeko suhiltzaileek esku hartu behar izan dute.