Gizartea
KORONABIRUSA
COVIDak ikasgeletan duen eraginaren jarraipena egiteko batzordea sortu du Espainiak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lehenetsi behar izanez gero, Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako ikasleak izango dira aurrez aurreko eskolak jarraituko dituztenak.
-
Batzordeak gomendioak egiteko eta erabakiak hartzeko helburua du. Argazkia: EFE.
Espainiako Hezkuntza Ministerioak Lan Batzorde bat sortu du, osasun-agintariekin batera, pandemiak unibertsitatez kanpoko hezkuntzan eta Lanbide Heziketan izan duen bilakaera eta eragina aztertzeko eta ebaluatzeko, eta, hala badagokio, hurrengo ikasturteari ekiteko eta hura garatzeko behar diren neurriak hartzeko.
Isabel Celaa Hezkuntza ministroak azken egunotan berretsi duenez, eskolak irailean irekita egon behar dira, "helburu ukaezina baita", azpimarratu du, eta pandemiagatik lehentasuna eman behar izanez gero, Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako ikasleak izango lirateke aurrez aurreko eskolekin jarraituko luketenak.
Estatuko Aldizkari Ofizialak argitaratu duenez, jarraipen horretatik lortutako informazioak gomendioak egiteko eta sortzen diren egoerei erantzuteko behar diren erabakiak hartzeko balioko du, hezkuntza-administrazioekin koordinatuta eta lankidetzan arituta, eta indarrean dagoen ordenamendu juridikoak autonomia erkidegoei aitortzen dizkien eskumenei kalterik egin gabe.
Lan Batzordearen eginkizunak hauek izango dira: Ministerioaren eta gainerako hezkuntza-administrazioen arteko informazio-trukea erraztea, Osasun Ministerioarekin informazioa eta proposamenak trukatzeko bideak ezartzea, eta araudia edo baliabideen kudeaketa aldatzea gomendagarria izan daitekeen beharrizanak identifikatzea.
Gainera, hezkuntzan sartzeko dauden desberdintasunak identifikatuko ditu, eskola-jarduera eteteak edo murrizteak areagotu dituenak, horiek konpentsatzeko ekintzak sustatze aldera.
Lantalde horrek Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren kudeaketa-eremuan hezkuntza-jarduera behar bezala garatzeko beharrezkoak diren neurriak aztertu eta proposatu ahal izango ditu, eta Ceutan eta Melillan osasun publikoko ardura duten sailekiko harremana errazteaz arduratuko da.
Lan Batzordeak bere funtzionamenduari eutsiko dio pandemiaren ondorioek irauten duten bitartean, etabatzordeburua Hezkuntza Plangintzaren eta Kudeaketaren Zuzendaritza Nagusiaren titularra izango da. Ministerioko hainbat arlotako (LH, Lurralde Ebaluazioa eta Lankidetza edo Hezkuntza Plangintza eta Kudeaketa) zuzendariorde nagusi edo pareko maila duten sei kidek osatuko dute batzordea.