Itxi

Gizartea

COVID-19

27 positibo atzeman dituzte jada Bilboko Back&Stage diskotekaren baheketan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Uztailaren 18an diskoteka horretan egondako 365 laguni egin dizkiete dagoeneko PCR probak.

  • Basurtuko Ospitalean jarritako karparen irudietako bat

    Basurtuko Ospitalean jarritako karparen irudietako bat. Argazkia: EFE

Joan den uztailaren 18an Bilboko Back&Stage diskotekan egondako lagunen artean egindako baheketa-lanetan 27 kasu positibo atzeman dituzte dagoeneko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak baieztatu duenez.

Lehenengo kasu positiboa atzeman zenean, uztailaren 18an diskoteka hartan izandako herritarrak deitu zituzten Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak, COVID-19aren Zaintza Planari jarraituta, herritar horiei PCR probak egiteko, hain zuzen ere. 

Hori dela eta, karpa bat jarri dute Basurtuko ospitalean, eta ostiralaz geroztik PCR probak egiten dabiltza. Orain arte, 365 PCR proba egin dituzte, eta horietatik 27k  eman dute positibo. Igande goizean probak egiten jarraituko dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.