Gizartea
Koronabirusa
Zabalburuko ertzain-etxea berriro ireki dute, bulegoa desinfektatu ondoren
Agentziak | Erredakzioa
13:00etan ireki dute berriro herritarren arretarako bulegoa, ertzain-etxea desinfektatu ondoren. ErNE sindikatuak Osakidetzaren protokoloak salatu ditu, ez direla eraginkorrak iritzita.
-
Zabalburuko (Bilbo) ertzain-etxea. Artxiboko argazkia: Google Maps
Bilbo erdigunean dagoen Zabalburuko ertzain-etxearen herritarren arretarako bulegoa desinfektatu dute ostiral honetan, covid-19a zabaltzea saihesteko segurtasun protokoloa betez.
Hala, 09:00etatik 12:00etara itxi dute ertzain-etxea, eta 13:00etan berriro ireki dute herritarren arretarako bulegoa, ertzain-etxea desinfektatu ondoren, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Halaber, Ertzaintzaren ibilgailuak txanda bakoitzaren ondoren egunero desinfektatzen direla gogorarazi du.
Azken zazpi egunetan 300 koronabirus kasu baino gehiago atzeman dituzte Bilbon PCR proben bidez, eta, horietatik, 166 azken bi egunetan.
ErNE sindikatuaren salaketa
Zabalburuko ertzain-etxea ostegun gauean itxi zuten, azken 10 egunetan gaitza atzemateko egindako detekzio-probetan "sei bat ertzainek" covid-19an positibo eman ondoren.
Testuinguru horretan, ErNE sindikatuak Osakidetzaren protokoloak salatu ditu, ez direla eraginkorrak iritzita. Sindikatuak deitoratu duenez, PCR probak "15 minututik gorako kontaktua duten pertsonei" egiten dizkiete soilik.
"Bilbon azken 15 egunetan lan egin duten ertzain guztiei" gaitza atzemateko detekzio-proba egin beharko litzaiekeela uste du sindikatuak; izan ere, "Polizia lanetik asko gutxieneko segurtasun-distantzia mantendu gabe egiten da, lanaldi gehiena ibilgailu eta furgonetetan egiten delako, maskararekin bakarrik".
Ildo horretatik, Roberto Seijo ErNEko idazkari nagusiak ibilgailuak eta lantoki osoa desinfektatzeko eskatu du, "ertzainen eta haien senideen osasuna arriskuan" jartzen ari direla iritzita, "baita horiekin kontaktuan egon litezkeen herritarren osasuna ere".
Ertzaintzaren sindikatuak ohartarazi duenez, Osakidetzak eta Segurtasun Sailak salaketa hori "aintzat hartzen ez badute", auzitara joko dute berriro, agenteei "babesa" emateko.
Hala, joan den maiatzean "oinarrizko eskubideak urratzeagatik" Segurtasun Saila zigortu zutela gogorarazi du ErNEk, "behar besteko testik eta babes materialik ez izateagatik".
Seijok azaldu duenez, sindikatua Segurtasun sailburuordeari eta Saileko Giza Baliabideen zuzendaritzari zuzendu zaie, "plantillaren artean proba masiboak egin ditzaten eskatzeko, diskoteketan egiten den bezala".