Itxi

Gizartea

Eukalipto landaketak

Eukaliptoen gorakadak "ingurameneko arazo serioak" ekar ditzake EAEn

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Azken hiru hamarkadetan eukaliptoek okupatutako zorua lau aldiz biderkatu da. Gaur egun lurraldeko zoruaren % 2,6 esaltzen du.

  • Euskal Herriko Baso bat.

    Euskal Herriko Baso bat. Argazkia: Haitz Beguiristain.

Euskal Autonomia Erkidegoan, eukalipto landaketen gorakadak  "ingurameneko arazo serioak", animalien "espezie jakin batzuk are gehiago mehatxatu" eta sute arriskua areagotu dezakeela ondorioztatu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen departamentuak eskatutako ikerketa batek.

Euskal Herriko Unibertsitateko adituek eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek egindako ikerketa, zuhaitz horrek  ingurumenean dituen ondorioen inguruko ehunka analisi zientifikoetan dago oinarrituta. Eusko Jaurlaritzak 2018ko abenduan eztabaidatu zuen eukaliptoa espezie inbaditzailea zen edo ez, eta ondoren ikerketa eskatu zuen.

Australiar jatorria duen hazkunde azkarreko zuhaitz hau, mendebaldetik eta Bizkaiko kostaldetik  —presentziarik gehien du bertan— Gipuzkora eta Arabara zabaldu da.

Azken hiru hamarkadetan, eukalipto zuhaitzek, errentagarritasun handia dela eta, okupatzen duten zorua lau aldiz biderkatu da eta gaur gaurkoz lurralde osoaren % 2,6 estaltzen dute.

Zuhaitzaren zuraren onuradun nagusia papergintzaren sektorea da. Bi dira gehien erabiltzen diren espezieak: "Eucalyptus globulus" (zoruaren % 60 hartzen du) eta "Eucaliptus nitens" (zoruaren % 37 hartzen du).

Ikerketaren arabera, eukaliptoak "ondorio negatibo argi eta sistematikoak" ditu ingurumenean, izan ere, alde batetik, landaketek okupatutako zoruak, eukaliptoaren orbelagatik, "iragazgaitzagoak izateko joera dute", eta horrek beste landare espezie batzuen hazkundea ekiditen du.

Gainera, lurreko ornogabeen, lurreko onddoen, likenen, landareen, anfibioen eta hegaztien aniztasuna nabarmen murrizten da.

Baso-suteei eta berotze globalari dagokienez, ikerketak dio faktore biofisikoek eta sozioekonomikoek bietan eragiten badute ere, "eukalipto-landaketek ez dituztela arriskuak murrizten, areagotzen baizik" beste baso-espezie batzuen aldean.

Ikerketak ez ditu aztertzen espezie horren baso-ustiapenaren ondorio ekonomiko eta sozialak, baina ohartarazten du eukaliptoen hedapenak Euskal Herrian "ingurumen ondorio larriak" sor ditzakeela eta oraindik gehiago "mehatxatuko ditu arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoan agertzen diren espezieak".