Itxi

Gizartea

Zientzia

Marten inoiz bizirik izan ote den aztertzeko misio bat hasi du NASAk

Agentziak | Erredakzioa

2026an Lurrera itzuliko diren laginak biltzea izango da misioaren mugarri nagusia. "Perseverance" izena duen rover espazio-ibilgailu berria otsailaren 18an iritsiko da Martera.

0:32
Atlas suziria. Irudia: EiTB

Ostegun honetan, "Perseverance" izena duen rover espazio-ibilgailu berria jaurti du NASAk Cabo Cañaveraletik (Florida, AEB). Izan ere, gaur bertan hasi da Marten inoiz bizirik izan ote den aztertzea helburu duen Mars 2020 misioa. Hala, biziaren arrastoak topatzen saiatuko dira, "agentziaren erronka handienetako batean".

"Beste mundu batean bizia aurkitzeko eginkizun eplizituarekin Martera joango garen lehen aldia da hau", nabarmendu du Jim Brienstinek, espazio agentziako administratzaileak. "Aurkituko al dugu? Ez dakigu han inoiz bizirik izan ote den, baina badakigu Marte bere historiako uneren batean bizitzeko modukoa izan dela", gaineratu du.

Jaurtiketa 07:50ean izan da (13:50ean Euskadin). Zehazki, rover espazio-ibilgailu berria Atlas V suziriari lotuta aireratu dute Kennedy Espazio Zentroko 41 jaurtiketa plataformatik, eta 500 milioi kilometro baino gehiago egin beharko ditu datorren otsailaren 18an planeta gorrian lurreratu arte. Hain zuzen ere, gaurko jaurtiketan erabili duten suziria, Marteraino iritsi diren "Curiosity" edo "Insight" bezalako espazioko beste ibilgailuekin erabili dute aurretik.

Arrastoak Lurrera ekartzea mugarria litzateke

Misioak, gutxienez, urtebete iraungo du Marten, hau da, 687 egun lurtar. Ibilgailua, Jezero kraterraren gainean lurreratu ondoren, planetaren gainazalean zehar ibiliko da. Han, mikrobioen bizi-hondarrak bilatuko ditu, eta oxigenoa sortzen saiatuko da.

Testuinguru horretan, AVS euskal enpresak ibilgailuaren zazpi zatietatik bi eraiki ditu. Aurreko espazio-ibilgailuen forma lauangeluarrari eusten dio, eta 3 metro (10 oin) luze eta 2,7 metro (9 oin) zabal da. Halaber, "Perseverance" izena duen roverrak 1.043 kilo pisatzen du.

Lehen aldiz, gainera, "Ingenuity" helikopteroari esker aireontzi bat izango da Marten. Espazio-ibilgailu berriari akoplatuta iritsiko da planetara, eta hegaldi proba ezberdinak egingo ditu han.

Dena dela, 2026an Lurrera itzuliko diren laginak biltzea izango da misioaren mugarri nagusia, arrasto horiek sakon aztertu ahal izateko. Hori izango da "misioaren prozesurik zailenetako eta zirraragarrienetako bat", Marteren "baldintza gogorrei" aurre egin beharko baitiete, hala nola lurraren idortasunari edo hauts-ekaitzei.

"Ez da erraza, eta arrakasta lortu ezin izateko arrisku handia dago. Hori esanda, badakigu nola lurreratu Marten. Izan ere, zortzigarren aldia da honakoa, beraz, esperientzia dugu horretan", gaineratu du NASAko administratzaileak.

Lagin horiek berreskuratzeko, NASAk Europako Espazio Agentziaren (ESA, ingelesezko sigletan) laguntza izango du, eta dozena bat nazionalitate baino gehiagoko ehunka zientzialarirekin lankidetzan aritu ondoren, hainbat espazio-ibilgailuri esker itzulera posible izatea espero dute.