Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Koronabirus kasuek gora egin dute EAEn, 130 positiborekin, horietako 85 Bizkaian

eitb.eus

Gipuzkoan 35 kasu atzeman dituzte, eta Araban bederatzi. Azken orduetan 4.148 detekzio-proba egin dituzte. Horrez gain, Nafarroan 42 koronabirus kasu gehiago atzeman dituzte.

  • Herritarrak musukoa jantzita, kalean.

    Herritarrak musukoa jantzita, kalean. Argazkia: EFE

EAEn, 130 positibo atzeman dituzte azken 24 orduetan PCR proben bidez. Kasu berrietako 85 Bizkaian atzeman dituzte, 35 Gipuzkoan eta bederatzi Araban. Horrez gain, EAEtik kanpo bizi den pertsona batek positibo eman du azken orduetan.

Nekane Murga jarduneko Osasun sailburuak Ermuko eta Eibarko agerraldiez hitz egin du, eta zehaztu du orain arte 178 eta 206 kasu aktibo baieztatu dituztela, hurrenez hurren. Halaber, herri horietan atzemandako kasu berrien % 80 kutsatuen kontaktu estuak direla adierazi du, horietako asko sintomarik gabekoak, eta haien bila joan direla.

Osasun sailburuak gogora ekarri duenez, gaitzari aurre egiteko asmoz Eibarren eta Ermuan ezarritako neurri murriztaileak indarrean daude oraindik, Zarautzen bezala, eta foku hori Euskadin dagoen nagusia dela onartu du, baina egoera kontrolpean hartzen hasi direla nabarmendu du.

Bizkaiko kasuen gorakadari dagokionez, Murgak uste du herritarren mugikortasuna dela horren arrazoi nagusia; izan ere, bilbotar asko hiriburutik kanpo joaten dira aisialdiko jardueretarako, eta horrek mesede egin diezaioke transmisio horri lurraldeko hainbat herritan.

Bestalde, gaueko aisialdia mugatu eta ostalaritzako lokal guztiak goizaldeko 01:30ean ixtera behartuko dituen agindu berria aste honetan bertan sartuko dela indarrean gaineratu du. Dena dela, maskara erabiltzea eta beste pertsonekiko 1,5 metroko distantziari eustea oso garrantzitsua delaazpimarratu du.

"Paseoetan, hondartzan edo gure etxeetan, edozein ospakizunetan edo bileratan maskara erabili behar da", azpimarratu du Murgak, eta argi utzi du "birusa ez dagoela lokaletan eta ostalaritzan, pertsonengan baizik". Hala, birusa duten pertsonak toki batetik bestera joaten badira, birusa oharkabean zabaltzen dute. Horregatik, ezarritako neurriak betetzeko eskatu die herritarrei, "ez zigorraren beldur izateagatik, pertsona asko arriskuan jartzea saihesteko baizik".

Hernaniko eraikin batean atzemandako kasu positiboei dagokienez, Murgak azaldu du "10 familiatako etxebizitza-bloke batean bizi diren hainbat familiatako kideak" direla kutsatutakoak. Ildo horretatik, ez daudela konfinatuta azpimarratu du, "PCR proben emaitzaren zain baizik".

Bestalde, Galiziak pandemiari aurre egiteko martxan jarri duen bidaiarien erregistroan EAEko herritarrak sartzeko erabakia "erabat errespetatzen" duela esan du Murgak. Alabaina, horrelako neurriek ez dutela benetan infekzioei aurre egiten laguntzen uste du, "iristen den jende kopurua eta mugikortasuna kontuan hartuta".

Halaber, gaitza atzemateko 4.148 PCR egin zituzten atzo. Zehazki, ondorengo herri hauetan atzeman dituzte koronabirus kasuak:

Gipuzkoan: Donostia (11), Eibar (16), Elgoibar (bat), Hernani (bat), Irun (bat), Tolosa (bat) eta Zarautz (lau).

Bizkaian: Zornotza (bi), Barakaldo (hiru), Basauri (lau), Bermeo (bat), Bilbo (36), Durango (bat), Ermua (11), Errigoiti (bat), Getxo (lau), Markina-Xemein (bat), Muskiz (bi), Ondarroa (bat), Portugalete (hiru), Santurtzi (zortzi), Sestao (lau), Ugao-Miraballes (bi) eta Trapagaran (bat).

Araban: Gasteiz (bederatzi).

Azken orduetan positibo eman duten pertsonen profilari dagokionez, 43 emakumeak dira eta 47 gizonak. Gainera, positibo eman duten gehienek 39 urte baino gutxiago dituzte. Batez ere, 20 eta 29 urte bitartean dituzte (26 kasu).

COVID-19a duten beste 14 pazientek 10 eta 19 urte bitartean dituzte, eta kutsatutako 22 euskal herritar 30 eta 39 urte bitartean. Gainera, azken orduetan atzemandako 17 kasutan gaixoek 0 eta 9 urte bitartean dituzte.

Osasun Sailak jakinarazi du, halaber, positibo eman duten 15 pertsonek 40 eta 49 urte bitartean dituztela, beste 16k 50-59 urte bitartean, 10ek 60-69 urte bitartean eta beste 10ek 70 urtetik gora.

1,06 da gaurko R0 indizea (atzo 1,05 zen).

Ospitaleetako egoerari dagokionez, egun lau pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratuta, Osasun Sailak eguneroko prentsaurrekoan emandako datuen arabera.

42 positibo gehiago zenbatu dituzte Nafarroan

Bestalde, Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak jakitera eman duenez, 42 koronabirus kasu atzeman zituzten atzo Nafarroan.

Osasun kontseilariak pandemiaren egoeraren berri emateko agerraldia egin du astearte honetan Nafarroako Parlamentuan, eta "positiboen eta intzidentzia metatuaren goranzko joera orokorra" dagoela onartu du; uztailean mila kasu inguru atzeman dira, eta azken astean, 621.

Bere esanetan, ordea, gorakada hori ezin da apirileko edo maiatzeko datuekin alderatu, PCR probak egiteak kasu gehiago detektatzea ahalbidetzen duelako, eta horiek azkarrago egiten dira orain; izan ere, % 1,6k soilik behar izan du ospitaleratzea azken zazpi egunetan. Gaur egun, 32 dira ospitaleratutako pertsonak, horietako bat zainketa intentsiboetako unitateetan.

Indurainek, halaber, ekaina eta uztaila bitartean atzemandako 38 agerraldiei buruzko beste datu batzuk eman ditu Parlamentuan: 504 pertsona kutsatu dira, eta % 59k ez du sintomarik izan. Hala, gaur egungo egoera "zaila" dela adierazi du Indurainek, eta horrek "erronka konplexua" suposatzen du, nahiz eta orain martxoan baino esperientzia eta tresna gehiago dauden.

Azken 14 egunetan Nafarroa kasu positibo gehien atzeman dituen bigarren autonomia erkidegoa dela onartu ostean, Indurainek azpimarratu du ekainaren 30ean 0 kasu izatetik uztailaren 22an 132 izatera igaro direla, eta lau agerraldi garrantzitsu izan direla Sunbillan, Iruñean, San Ferminen bazkari baten ondorioz, Tuteran eta Mendillorri auzoan, non gazteei egindako baheketa 14 positiborekin amaitu den (egindako PCR proben % 1,2).

"Ezin dugu arreta jaitsi, beste agerraldi batzuk sortuko direlako, bai arlo sozialean, bai senideen artean, lan mundura iritsi ahal izatea baztertu gabe", esan du, eta ziurtatu du osasun arloan eta arlo soziosanitarioan eragina "oso urria" dela gaur egun.

Indurainek gaineratu duenez, "probak egitea funtsezkoa da, baina laginak prozesatzeko gaitasuna ere oso garrantzitsua da", eta ur beltzetan birusa atzemateko sistema berri batean lanean ari direla iragarri du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, berriz, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da.