Gizartea
Ostalaritza eta koronabirusa
Foku batzuen jatorria bai, besteena ez
eitb.eus
Sarritan egin den galdera izan da honakoa: "zergatik esaten da taberna edo jatetxe batzuen izena bertan positibo bat dagoenean eta beste batzuena ez?". Erantzuna uste baino errazagoa da.
-
Ostalaritza izan da pandemiak gogorren jo duen sektoreetako bat. Argazkia: EFE.
Asko izan dira azken asteetan atzemandako koronabirus agerpenak, eta horietako askok ostalaritzarekin nolabaiteko lotura izan dute, bai langileren batek positiboa eman duelako, bai bezeroen artean birusaren transmisioa eman delako. Horren aurrean, baina, batzuetan lokalaren izena ematen da, eta besteetan ez. Zergatik ba? Hauxe da azalpena:
Osakidetzatik eitb.eus-i azaldu diotenez, taberna edo jatetxe baten izena ematerako garaian, irizpidea argia da: bezeroekin eta langileekin kontaktatzeko erraztasunaren araberakoa da: "Establezimenduaren izena ematea azken aukera da; hori baino lehen, establezimenduarentzat hain kaltegarriak izan ez daitezkeen beste neurri batzuk aztertzen dira, bai kontatuak gutxi izan direlako eta horiek topatzea erraza delako, bai transmizio arriskua txikia delako. Izena ematen bada, transmizio arriskua egon daitekeelako eta bezeroak idenfitikatzeko beste modurik ez dagoelako hartu da erabakia". Edozein kasutan ere, Zaintza Epidemiologikoaren Uniteateak erabakitzen du izena publiko egin edo ez.
Adibidez, herri txiki bateko taberna batera egunero bezero berak joaten badira, Osakidetzak ez du beharrezkotzat jotzen taberna horren izena argitaratzea, izan ere, lokalaren inguruan positibo bat ematen bada, berehala aurkitu daitezke kontaktu guztiak. Hiri handi bateko gune turistiko batean dagoen taberna bateko bezeroak kontrolatuta izatea zailagoa da, hortaz, kasu horretan bai, Osakidetzak establezimenduaren izena ematea erabaki dezake. Batez ere, garrantzitsuena ez delako tabernaren izen ona mantentzea, baizik eta herritarren osasuna bermatzea.
Ostalariekin hitz eginda, argi dute jendearen beldurrak asko eragin diela. Esan beharra dago positiboren bat izan duten jatetxeek edo tabernek bat-batean suntsituta ikusi dutela konfinamenduaren osteko errekuperazio motela. Langile batek positiboa eman zuen jatetxe bateko nagusiak eitb.eus-i aitortu dionez, establezimendua lau egunez itxita egon ostean, eta protokolo guztiak betetzen berriz zabaldu dutenean, beherakada nabarmena izan da: "asko nabaritu dugu beherakada; gainera bezeroei galdetuta, asko ez dira enteratu itxita egon garela, jakin izan balute, agian haiek ere ez ziren etorriko".
Getariko kasuan, esaterako, herri txikia bada ere, urte osoan zehar bertako eta kanpoko turismo asko izaten du. Gauzak horrela, zaila izan ohi da herriko kale turistikoenetako bateko taberna eta izozki dendan koronabirus kasuak atzematen badira kontaktu guztiak establezimenduen izena eman gabe lortzea.
Berdina gertatu zen Ordizian. Gau giroko taberna ugari dauden kale batean positiboak atzeman ziren. Oso zaila da egun bakarrean hainbeste jende biltzen den kale bateko pertsona guztiak lokala identifikatu gabe bilatzea, eta beste behin, Osasun Sailak tabernaren izena eta kalearen izena esatea erabaki zuen.
Hala ere, badira bestelako kasuak ere. Andoainen, esaterako, bezero baten positiboaren berri jaso ondoren, tabernari batek ateak ixtea erabaki zuen, eta bezeroei jazotakoaren berri eman zien. Hau da, tabernariak berak gaitasuna zuen bezeroekin kontaktuan jartzeko eta parrokiano guztiak identifikatzeko, betiko bezero berdinak baitzituen tabernak. Orduan ez zegoen zertan tabernaren izena eman beharrik.
Gezurren biktima
Gizartean zabaldu den larritasunak gezurrei eta hiperboleei bidea ireki die. Horrek sarean bolo-bolo dabiltzan fake news-en jomugan jarri dituzte ostalaritza lokalak. Ez dira gutxi izan euren kasua testuingurutik atera eta ondorioak pairatu behar izan dituzten tabernak eta jatetxeak.
Gezur baten biktima izan zen Barakaldoko taberna bateko enkargatuaren hitzetan, gizartean dagoen beldurrak zuzenki eragin die. Bere tabernaren kasuan, langileetako bat foku bat sortu zen Bilboko diskoteka batean egon zen. Foku bat sortu zela jakin bezain laster, berehala etxean geratzeko erabakia hartu zuen (tarte horretan lantokitik pasa gabe) eta tabernako nagusiari abisua eman zion. Orduan, nahiz eta langilea lanera joan ez izan, taberna ixteko erabakia hartu zuen nagusiak. Behin PCR proba eginda, emaitza positiboa izan zen.
Horren aurrean, herrian, taberna horretan foku bat sortu zela zabaldu zen. Enkargatuak jakinarazi digunez, taberna ixteko arrazoiengatik galdetzen zietenean emandako erantzuna horixe zen: "lankide batek positiboa eman du eta badaezpada ixtea erabaki dugu". Jendeak, baina, egia desitxuratu eta bertan foku bat sortu zen zurrumurrua zabaldu zen.
Asteazkenean ireki zuten berriro taberna, eta nabarmen jaitsi zaie bezero kopurua. Mahaien erreserbak ere ezeztatu dizkiete. Oraindik sinetsi ezinik, tabernako arduradunak onartu digu bezero batek galdetu diola ea "24 urteko zerbitzari bat hil" den. Gezurrak hartu duen tamaina sinestezina zaie tabernako arduradunei eta langileei.
Testuinguru horretan, herriko Udalak berehala gezurtatu zuen fokuaren existentzia. Baina tabernako arduradunak argi dauka nor den laguntza gehien ematen ari den jendea: "auzotarrak dira gehien laguntzen ari zaizkigunak, hemengoak, beraiek dira iristen zaien informazio guztia gelditzen ari direnak, mezu kateak moztuz".
Sare sozialetan zabaltzen ari den informazioaren arabera, Barakaldoko garagardotegi batean 19-kobidaren agerraldi bat antzemango zen ustez. Horri dagokionez, jakinarazi behar dugu Osakidetzarekin informazioa egiaztatu ondoren gezurra dela. Mesedez, ez zabaldu fake News-ik. pic.twitter.com/2plHeAj3Ku
— infobarakaldo (@infobarakaldo) July 20, 2020
Atera beharreko ondorioa hori da, auzotarrak berak, bertakoak dira oinarrizko pieza. Mendillorrin gertatu den bezala, komunitatearekiko konpromisoagatik eta birusa gelditzeko etxean geratu diren horiek dute giltza. Informazio faltsuak errotik moztuz, pandemiaren hedapena legez.