Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Tabernek eta dantzalekuek 01:30erako itxi beharko dute beranduenez EAEn

eitb.eus

Eusko Jaurlaritzak murrizketa gehiago ezarri ditu ostalaritzan. Aste honetan sartuko dira indarrean.

  • Argazkia: EiTB

    Argazkia: EiTB

Nekane Murga Osasun sailburuak ostalaritza sektorerako murrizketa berriak iragarri ditu, koronabirusaren transmisioa murrizteko helburuarekin. Asmoa astebururako agindua martxan egotea omen da.

Murgak agerraldia egin du, covid-19aren Jarraipen Batzordeak Lehendakaritzan egin duen bileraren ostean, eta ostalaritza sektorerako neurri murriztaile berrien berri eman du:

- Establezimenduak ezingo dira 01:30ak baino beranduago itxi, ezta 06:00ak baino lehen ireki ere (diskotekak barne).

- Diskoteketako edukiera % 60koa izango da, ez da dantza-pistarik egongo, eta mahaiak jarri beharko dira.

- 00:00etatik aurrera nahitaezkoa da eserita kontsumitzea, eta terraza gisa mugatutako eremuan egitea.

- Jantoki handiak dituzten ostalaritza lokaletan (hala nola sagardotegiak, garagardotegiak eta ezkontzak hartzen dituzten jatetxeak), gehieneko edukiera % 80koa izango da, mahai bakoitzean gehienez 10 pertsona egongo dira, eta metro eta erdiko tartea egongo da mahaien artean, hurbilen dauden pertsonetatik neurtuta.

Beste neurri batzuk

- Gaubeilak: 60 pertsona egon daitezke gehienez, eta edukiera % 60ra mugatu beharko da espazio itxietan.

- Ehorzketak: Gehienez 60 pertsona.

- Gazteek debekatuta izango dute lonjetan biltzea.

- Maskararen erabilera: Musukoa ez da derrigorrezkoa izango langilea bere lanpostuan eserita dagoenean, baina bai pasilloetan, bileretan eta espazio komunetan.

- Bertan behera utzi dituzte neurri espezifikoak Bergaran eta Tolosan, baina eutsi egingo diete Eibarren, Ermuan eta Zarautzen.

- Debekatuta daude eserlekuak ez dituzten erromeriak eta dantza ikuskizunak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa da uztailaren 20tik.