Gizartea
COVID-19
15 milioi koronabirus kasu baino gehiago dira jada mundu mailan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nazioarteko Osasun Erakundearen datuak dira. Egunero kutsatutako pertsona kopuruak nabarmen egin du gora. AEB, Brasil eta India dira herrialde kaltetuenak.
-
Indiako emakume bat, musukoa jantzita. Argazkia: EFE
COVID-19agatik egunero kutsatutako pertsona kopuruak gora egin du, Nazioarteko Osasun Erakundeak baieztatu duenez, eta 15 milioi kasutik gora dira mundu mailan dagoeneko. Izan ere, 250.000 kasu inguru atzeman dira egun bakarrean.
Hildakoei dagokienez, 619.150 dira, eta datu horrek ere gorakada izan du, egun bakarrean 7.000 hildako izan baitira. Mundu mailako kasuen erdia baino gehiago hiru herrialdetan jazo dira: Estatu Batuetan (3,86 milioi kutsatu), Brasilen (2,15 milioi), eta Indian (1,23 milioi).
Tedros Adhanom Ghebreyesus Nazioarteko Osasun Erakundearen zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, mundu osoko ia Estatu gehienek izan dituzte koronabirus kasuak, baina "herrialde gutxi batzuen arteko transmisio handia atzeman dugu". Izan ere, kasuetatik bi herenak (ia 10 milioi kutsatu) 10 herrialderi dagozkie.
Estatu Batuak
Bestalde, 4.174.437 kutsatu eta 146.391 hildako eragin ditu koronabirusak dagoeneko Amerikako Estatu Batuetan, Johns Hopkins Unibertsitateko zenbaketa independentearen arabera. Aurreko egunean baino 68.212 kutsatu gehiago dira, eta 1.067 hildako gehiago. Hala ere, azken egunekin alderatuta, datuak moteldu dira. Estatu kaltetuenak Kalifornia, Florida eta New York dira.