Itxi

Gizartea

Zaldibarko zabortegia

Epaileak arduragabekeriazko homizidioa egotzi die Zaldibarko zabortegiko arduradunei

EITB.EUS

Verter Recyclingeko jabea eta beste bi goi-karguak aske geratu dira, baina pasaportea kendu diete eta hilean behin epaitegira joan beharko dute sinatzera.

0:31
Jose Ignacio Barinaga Verter Recyclingeko jabea epaitegitik irteten.

Durangoko Auzitegiko epaileak arduragabekeriazko homizidio delituak leporatu dizkie Verter Recyclingeko jabeari eta beste bi goi-karguei. Zaldibarko zabortegia otsailean erori zen eta harrezkero Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileen gorpuak hondakin azpian daude.

EiTBk jakin ahal izan duenez, epaileak behin-behinean aske utzi ditu hirurak, kautelazko neurriak hartuta: pasaportea kendu diete eta hilean behin epaitegira joan beharko dute sinatzera.

Ertzaintzak joan den asteartean atxilotu zituen Jose Ignacio Barinaga Verter Recyclingeko jabea; Arrate Bilbao enpresako administratzailea; eta Juan Etxebarria zabortegiko ingeniari teknikoa.  

Enpresako iturriek jakinarazi dutenez, hirurek uko egin diote deklaratzeari, defentsako abokatuek agerraldia baino "ordubete lehenago jaso dutelako epailearen txostena eta akusazioak aztertzeko denbora nahikoa izan dutelako".

"Egoera horretan, zer leporatzen dieten jakin gabe eta paper mordoa aztertzeko izanda, ez deklaratzeko eskubidea baliatu dute", erantsi dute.

Epaitegian bi auzibide ireki zituzten hondamendi honekin lotuta: bata, langileen bizitza eta osasunaren kontrako delituengatik; eta bestea, ingurumenean eragindako kalteengatik.

Bestalde, Verter Recyclingeko arduradunen atxiloketak polemika sortu du Justizia Administrazioaren eta Segurtasun Sailaren artean; izan ere, Ertzaintzak esan zuen epailearen aginduz atzeman zituela hirurak, baina azken horrek ukatu egin zuen atxiloketak egiteko agindua eman izana.

Enpresako jabearen abokatuak, berriz, atxiloketak "legez kanpo" eta "zuzenbidearen aurka" egin zirela salatu zuen.  

Zaldibarko zabortegia otsailaren 6an erori zen. Hondamendiak azpian harrapatu zituen Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak. Harrezkero bilaketa-lanetan ari dira, baina oraindik ez dituzte hilotzak topatu.